Klima aldaketaren kontra egiten ari den lana aitortu dio Ingurumen Sailak Durangoko Udalari

Anboto 2021ko mai. 20a, 11:00

Eusko Jaurlaritzak klima aldaketaren kontra egiten ari diren lana aitortu die Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 21 udali. Tartean, Durangokoari. Aitortza ekitaldia atzo egin zuten Donostiako Miramar jauregian. 

Jaurlaritzak hamar urte baino gehiagoko ibilbidea aitortu die udalei, "toki-eremutik klima-aldaketaren eta energia-trantsizioaren erronkan egindako lanarengatik, 2050. urtean isuriei dagokienez lurralde erresiliente eta neutro batera iristeko". Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak bi diploma eman zizkion Ima Garrastatxu alkateari. 

"Euskadi jada prestatzen ari dela azaroaren hasieran Glasgown egingo den Nazio Batuen Klimaren Goi-bileran parte hartzeko", adierazi zuen Tapiak. Garrastatxuk, bestalde, honako hau adierazi zuen: "Errekonozimendu hau garrantzitsua da guretzat, naturan uzten dugun arrastoa arintzeko bide onean aurrera egiten dugula erakusten baitu. Klima-aldaketa baretzeak ahalegin indibiduala eta kolektiboa behar du, eta lan horretan erakundeok asko dugu egiteko. Horregatik, Durangoko Udalak hainbat proiektu ditu martxan hori lortzeko".

Ingurumen Sailak honako beste udalerri hauen lana aitortu du: Abanto-Zierbena, Amurrio, Balmaseda, Basauri, Bilbo, Donostia, Eibar, Errenteria, Hondarribia, Irun, Ispaster, Legazpi, Mungia, Muskiz, Oñati, Portugalete, Sestao, Tolosa, Usurbil eta Gasteiz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!