Regoyosen ondarea Durangora itzuli da

Aritz Maldonado 2021ko mai. 20a, 14:00

Dario de Regoyos margolari ospetsuaren bederatzi artelanek osatzen duten 'Durangoko begirada inpresionista' erakusketa, bihartik aurrera egongo da ikusgai Arte eta Historia museoan, tartean, 'Merkatua Durangon' margolana. 

Arte eta Historiaren museoaren bildumak pieza berria edukiko duela baliatuta, Dario de Regoyosen hainbat lan batu dituzte erakusketa berri bat egiteko. Garazi Arrizabalaga museoko zuzendariak artelana Durangoko museoko bildumaren parte izatearen garrantzia nabarmendu du. "Maiteminduta geratu zen, eta Granadara bizitzera joan zenean ere aipatzen zuen faltan botatzen zituela bertako zelai berdeak eta zeru urdinak". Mercedes Pradorena da erakusketaren komisariotza. Pradok artistak Durangorekiko eta Euskal Herriarekiko zuen zaletasuna azpimarratu du. "Regoyosen obran handia Durangoren presentzia, margolan asko dira herri bakarrarentzako".

Bederatzi margolanetan Durangoko Pinondo eta Kurutziagako kurutzea, Iurreta, edota Abadiño ikusi daitezke.

"Durangotik mundura, eta mundua Durangora"

Ima Garrastatxu alkateak eta Julian Rios alkateordeak erakusketa, eta bereziki 'Merkatua Durangon' lana Durangon egoteak duen garrantzia azpimarratu dute. "Durangora etorri eta bertatik ikusitakoa margoztu zuen Regoyosek; honela, Durango mundu osoan barrena zabaldu du. Orain 'Merkatua Durangon' hemen dugula, mundutik hona etorriko da jendea", azaldu dute. 

Ekainetik aurrera, bisita gidatuak eskainiko dituzte museoan, eguaztenetan, eta uztailean tailerrak egingo dituzte, baita ere. Durangoko begirada inpresionista erakusketa abuztuaren 1era arte egongo da ikusgai. Horren ostean, Merkatua Durangon koadroa 3. solairuan egongo da ikusgai. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!