Darío de Regoyosen margoen erakusketa inauguratuko dute eguenean Durangoko Museoan

Anboto 2021ko mai. 17a, 14:08

Ikusgai egongo diren bederatzi koadroen artean, Durangoko Arte eta Historia Museoaren ‘Merkatua Durangon’ koadro berria erakutsiko dute lehen aldiz. Erakusketa eguenean inauguratuko dute.

Durangoko Arte eta Historia Museoak Darío de Regoyos. Durangoko Begirada Inpresionista erakusketa inauguratuko du eguenean. Bertan, Darío de Regoyos margolari ospetsuak Durangon bizi izan zen garai laburrean margotu zituen bederatzi margolan izango dira ikusgai, udalak prentsa oharrean azaldu duenez. Erakusketa maiatzaren 21ean hasi eta uztailaren amaierara arte egongo da ikusgai. Margolariak Durangori buruz zuen ikuspegia erakutsiko da haren margolanen bidez.

Guztira bederatzi koadro daude, Bilboko Arte Ederren Museoko bi, BBK Fundazioko bat, Kutxa Fundazioko bat eta bildumagile partikularrek utzitako beste 4. Gainera, Durangoko Arte eta Historia Museoaren Merkatua Durangon koadro berria erakutsiko da lehen aldiz Museoan. 1907ko lan honek azoka egun batean Andra Mari elizpea bizitzaz beteta erakusten du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!