Durangoko udal teknikariek ondorioztatu dute Pinondoko Gingko biloba egoera onean dagoela. Arbola berezia da, fosil bizidun lez katalogatuta dagoelako eta haren biziraupen egoera zaurgarria delako. Jatorriz Asia aldekoa da eta berebiziko garrantzia du Japoniako kulturan. Arbola honen aleak Euskal Herriko hainbat lekutan topatu daitezke, baina Durangoko Udalak dioenez Euskal Herriko "bi herritan" baino ez daude tamaina handiko Gingko bilobak.
Arbola honetaz gainera, herriko beste hainbat ale ikuskatu ditu udalak. Madalenako tiloen egoerak eragin du kezkarik handiena. Azterketa sakonago bat egingo dute bertan. Zumar kalean dauden arbolak, bestalde, sikatuta daude, eta euretako bi moztu egin beharko direla aurreratu du udalak. Azkenik, Anbrosio Meabe parkearen atzealdeko zuhaitzak eta Eguzkitzako iturriaren bueltako haritzak aztertuko dituzte.