Zelan joan zen Arriagako estreinua?
Aspaldi ez nuen horrelako beldurrik sentitu estreinu batean. Fisikoki asko arriskatzea eskatzen duen obra da, hasi eta amaitu taula gainean zaudelako. Sei hilabetean ikasi eta ikasi egon gara, eta gero bederatzi egunetan muntatu dugu antzezlana Pascal Rambertegaz. Oso zuzendaritza soila egiten du beti. Kasu honetan, mugimendu eszenikoa oso lotuta dago. Hain mugatua ze, diagonalean soilik mugitzen garela aktoreak. Hizlaria berbetan dagoenean bestea geldi-geldi dago; beraz, eszenario osoa betetzea dagokio. Berak ematen ditu pauta batzuk, non pausatu, non hurbildu, non urrundu, eta gero askatasun osoa ematen dizu aktore lez. Bere esanetan, emanaldi bakoitza desberdina izango da, aktoreak duen egunaren araberakoa.
Publikoari dagokionez, oso ukituta irteten du emanalditik, ia berbarik barik, baina hurrengo egunetan heldu zaizkigu mezuak, eta publikoa oso pozik geratu da.
Aktore lez asko exijitzen duen obra da, beraz.
Bai, dudarik barik. Esango nuke antzerkian nire karrerako proposamenik arriskatuena eta exigenteena dela. Emanaldi bakoitza amildegira jauzi egiteko sentsazio ikaragarria da. Eta, egia esan, gozamen ikaragarria ere bai. Sartu, eta badakizu bakarrizketa bi dituzula aurretik, bata hitzezkoa eta bestea entzumenezkoa. Entzumenezkoa testua bezain garrantzitsua da, zure lankidea horretan sostengatzen delako eta horren arabera erantzuten duelako.
Aurretik Miren Gaztañagagaz lan egin izanak lagunduko zizun, beraz.
Niretzat Miren inspirazio bat da teatroan, baina errealitatean arreba bat edukitzearen modukoa da. Bera izan zen "zentzubakokeria" hau proposatu zuena Arriagan, eta, beraz, bera da hemen hau eskaintzen egotearen "errudun" nagusia. Guk obra elkarregaz ikusi genuen, eta inpaktaturik irten genuen. Antzezlan bera euskaraz egiteko gogoz geratu ginen. Pascal Rambert hona ekartzea prozesu luzea izan da, baina beragaz lan egitea ohore bat aldi berean. Orain, Mirenentzat eta biontzat espreski obra bat idazten dabil. Munduan errekonozimendu handia du, eta orain berak esatea langile finak garela itzela da.
Testua zuk euskaratu duzu.
Lanean geldialdi bat baliatuta, frantsesa ikasten nenbilela, testua euskaratzeari ekin nion, testu originala eta gaztelaniazkoa hartuta. Aktoreetariko bat obra itzultzen zebilela ikusteak kuriositatea piztu zion Pascali; eta gero, berak dio euskara bere estatuko (frantziarra da) hizkuntza bat dela. Erronka bat izan da euskaratzea; testuak ez du punturik edo komarik, eta hizkera poetikoa darabil. Gainera, fikzioaren eta errealitatearen arteko mugak lausotzera jolasten du. Pertsonaien izenak, adibidez, gureak dira, eta ez du gura izaten pertsonaiak guk eraikitzea, sortzea, gurago izaten du egun horretan gu geu garen modukoak izatea, betiere gidoiari jarraituta, jakina. Eta gero, euskara batuan egitea hautu bat izan da, apustu bat. Uste genuen euskalkian egiteak ez ziola mesederik egingo ez antzerkiari, ez euskarari, ez gure herriari. Erakutsi behar dugu euskara batuan egitea euskalkian egitea bezain sinesgarria, bizigarria eta aberatsa dela.
Obra gordina da, eta pertsonaiak zuen bizipenetatik eraiki dituzue. Horrelako prozesu batean, sufritu ala gozatu egiten da?
Nik ezin dut sufritu lanean. %100 disfrutatu behar dut, hiltzen nautenean zein hiltzen dudanean. Motorra beti izan behar da gozamena. Fisikoki eta mentalki ia ordu biko esfortzu ikaragarria da, baina oso eskertuta sentitzen naiz. Emanaldi egun bakoitza gogorra da eta indarrak gordetzeko gomendatu zigun Pascalek.