Patxi Etxebarria Ibarra Minotauro argitaletxearen sortzailearen heriotzaren 50. urteurrena maiatzaren 2an

Anboto 2021ko api. 30a, 19:06

Euskal kulturaren zabalkundeaz kezkatuta, Ediciones Minotauro argitaletxea sortu zuen 1957an, Madrilen, bertan zuen-eta bizilekua

Abadea eta filologoaz izateaz gain argitaldari bikaina eta gizon urguria izan zen. 1957an, Madrilen, Minotauro argitaletxea sortu zuen. Argitaratutako lehenengo liburua Julio Caro Barojaren “Vasconia; de historia y etnología” izan zen. Patxi Etxebarria 1908an Ortuellan jaio zen. Bere gurasoak, Eulogio Etxebarria eta Segunda Ibarra, abadiñarrak ziren, baina Orconera meatzaritzako enpresako langilea zen aita eta Enkarterrira joan ziren bizitzera.

1934an ordenatu zen abade eta eliz ikasketaz gain filologia ikasketak burutu zituen Lovaina eta Berlinen. Sasoiko kultur munduko eragileekin harreman estua izan zuen, esaterako, Antonio Tovarrekin. 1938an Burgosko Radio Nacional irratiko zuzendaria zenean sarri izaten ziren elkarrekin. Gerora, Tovarrek Minotauroren eskutik liburu bat argitaratu zuen. 50eko hamarkadan Real Sociedad Baskongada de Amigos del Paiseko buletinean hainbat filologia lanak argitaratu zituen. 1954an Sociedad Española de Estudios Clasicos elkarteko ohorezko kidea izan zen. 1958an, Wilhelm von Humboldten "Prüfung der Untersuchungen über die Urbewohner Hispaniens vermittelst der Vaskischen Sprache liburua ere gaztelerara itzuli zuen, Los primitivos pobladores de España y a lengua vasca izenburuarekin. Euskal kulturaren zabalkundeaz kezkatuta, Ediciones Minotauro argitaletxea sortu zuen 1957an, Madrilen, bertan zuen-eta bizilekua. 1957tik 1965era, zortzi urtez, euskal kulturarako garrantzitsutzat jo diren 17 liburu argitaratu zituen. Esaterik badago, 50eko hamarkadan, Espainiako Estatuan euskaraz edo euskal gaiei buruzko liburuak, eliz argitaletxeetatik aparte, Patxi Unzurrunzagaren Zarautzeko Itxaropena argitaletxeak edo Patxi Etxebarriaren Madrileko Minotaurok plazaratzen zituztela. Minotaurok argitaratu zituen besteak beste Jose Migel Barandiaran, Koldo Mitxelena, Julio Caro Baroja, Licenciado Poza, Antonio Tovar, Fausto Arocena, Pio Baroja eta Miguel de Unamunoren lanak.

Hil aurreko urteetan Durangon bizi izan zen, Goienkalen, bere arrebaren etxean. 1971ko maiatzaren 2an, orain 50 urte zendu zen.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!