“Bestea zaintzen ez baduzu, besteak ez zaitu zainduko”

Ekaitz Herrera 2021ko api. 30a, 10:15
Joita Isabel Bindang Aly, Carolina Muana Remi eta Estena Ada Nve Mokuy, Ceiba elkarteko kideak.

Estena Ada Nve Mokuy, Carolina Muana Remi eta Joita Isabel Bindang Aly dira Ceiba elkarteko kideetariko hiru. Elkartea elkarri laguntzeko sortu zuten duela bost urte, baina durangar guztiei zabaldutako beste hainbat egitasmo ere antolatzen dute. Koronabirusagaz, ostera, ezin. Baina elkarteko kideek ondo gogoan dituzte Munduko Arrozen jaialdian edo eskainitako dantza saioetan bizitakoak: "Durangoko komunitatean integratu gura dugu. Horri ekin genion, eta horri jarraitu gura diogu".

Noiz eta zergaitik sortu zenuten elkartea?
Estena Ada Nve Mokuy:
Orain bost urte sortu genuen. Durangon Ekuatore Gineako herritar gutxi gaudenez, elkar zaintzeko eta elkarri laguntzeko helburuz sortu genuen elkartea. Horretarako eta Durangon antolatzen diren bestelako egitasmoetan parte hartzeko. Herriko elkarteekin ere bagaudelako hartu-emanetan. Baina elkar zaintza da elkartearen oinarria. Gutariko batek arazoren bat duela? Batzen gara, berba egiten dugu eta denon artean konpontzen ditugu arazoak.

Babes sare bat zarete, beraz.
E.A.N.M.:
Bai. Elkarri laguntzeko sare bat. Gutariko batek momenturen batean arazoren bat badu, beharrizan horiek betetzeko antolatzen gara. Udalak ere laguntzen digu. Lokalak uzten dizkigu, baliabide materialak eskaintzen dizkigu.

Gainera, gauza jakina da Durangoko Mugimendu feministagaz sintonia duzuena.
E.A.N.M.:
Bai, emakumez osatutako taldeen artean hartu-eman handia dugu. Gustatzen zaigu elkarregaz eragitea.
Joita Isabel Bindang Aly: Azken finean, Durangoko komunitatean integratu gura dugu. Bide horri ekin genion, eta bide horri jarraitu gura diogu.

Lehen esan duzue Ceiba elkarri laguntzeko sortu zenutela. Pandemiak, hain zuzen ere, hori bistaratu du: zaintzearen beharrizana. Zelan bizi duzue hori?
Carolina Muana Remi:
Galdera horri neuk erantzungo diot, gertutik bizi izan dudan zerbait dudalako kontatzeko: pandemian zehar gaixorik egon nintzen. Koman egon nintzen. Nire senarra ere bai. Eta momentu horretan ikusi nuen gure elkartearen lana zeinen funtsezkoa den. Senarrak nik baino lehenago irten zuen komatik, baina ez zuen kalera irteteko modurik. Ez elikagaiak erostera ez beste ezertara. Gure elkarteko emakumeak izan ziren etxe atarira behar genuena ekartzen zutenak. Eta ez dut berbarik hori eskertzeko. Horregaitik diogu elkarri laguntzeko gaudela.
E.A.N.M.: Nire irudipena da emakumeok gehiago laguntzen diogula elkarri. Ekuatore Ginearako elkartasun kanpaina egin genuenean, Durangoko emakume pilo bat etorri zen laguntzera. Egundokoa izan zen. Oso esker oneko gaude. Eta guri ere laguntzeko eskatu izan digutenean, hor egon gara. Bestea zaintzen ez baduzu, besteak ez zaitu zainduko. Elkar ezagutzeko eta integratzeko modu bat dela iruditzen zait.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!