Garaipena lortuta, mailari eusteko borrokan dago Durangoko Kulturala

Maialen Zuazubiskar 2021ko api. 30a, 12:00

Durangoko Kulturaleko talde nagusia hirugarren mailari eusteko borrokan dabil. Talde durangarrak denboraldi irregularra darama eta horrek jaitsiera saihesteko borrokan sartu ditu jokalariak. Durangarrek porrot bategaz hasi zuten jaitsiera faseko lehenengo partidua, eta taldeko zuzendaritza berriak, Bigen Bizkarra abadiñarrak gidatutakoak, Jon Larreategi ordura arteko entrenatzailea kargutik kendu eta Jon Gonzalez fitxatzea erabaki zuen.

Apirilaren 14an, talde durangarreko jokalariek lehenengo entrenamendua izan zuten Jon Gonzalezen gidaritzapean, eta asteburu horretan bertan berdinketa lortu zuten Balmasedaren aurka. Lehenengo entrenamendu horretan, Kulturaleko entrenatzaileak aitortu zuen gogotsu zetorrela taldearen "dinamika aldatzeko" eta "jaitsiera ekiditeko", eta badirudi Gonzalez Durangoko Kulturala indarberritzen dabilela. Joan zen asteburuan, esaterako, bolada onari jarraipena ematea lortu zuten eta garaipena eskuratu zuten Aurrera Ondarroari gol bi sartuta.

Asteburu honetan, laugarren jardunaldia jokatuko dute Jon Gonzalezen mutilek. Durangon jokatuko dute, Tabiran, 18:15ean. Tolosa izango da aurkaria. Mailari eusteko borrokan dabiltzan taldeen artean, lehenengo postuan dago Tolosa. Durangoko Kulturala, ostera, hirugarrenean, lehenengoak baino lau puntu gutxiagogaz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!