175.000 euroko laguntza berria Durangoko ostalarientzat

Ekaitz Herrera 2021ko api. 29a, 13:18

Durangoko udalbatzak ostalaritzaren sektorea laguntzeko diru-partida berria onartu zuen atzo egindako osoko bilkuran. Negozio bakoitzak 1.500 eurora arteko laguntzak eskuratu ahalko ditu.

Durangoko Udalak 1.000 euroko laguntza eskainiko dio herriko ostalaritza negozio bakoitzari, eta kopuru horri beste 500 euro batuko dizkio taberna edo jatetxe onuradunak hiru behargin baino gehiago baditu, 30 metro karratutik beherako terraza badu, edo terrazarik ez badu. Aritz Bravo EH Bilduko zinegotziak atzoko osoko bilkuran eman zituen neurri berriari buruzko azalpenak. "Abenduan Durangoko ostalariekin batu ginen, eta ordutik hona hartu-emanean egon gara Bizkaiko ostalarien elkarteko kideekin eta Dendak Bai-gaz. Euren ekarpenekin landu dugu neurria", azaldu du. Honako hau da emaitza: udalbatzak 175.000 euroko diru partida onartu du herriko ostalariek bizi duten egoera larria arintzen laguntzeko asmoz.

Erabakia babestu dutenak EH Bildu, Elkarrekin Podemos-Herriaren Eskubidea eta PSE-EE izan dira. Gobernu taldeko kideek "gehien sufritzen dabiltzanei" lagundu gura die. Jesica Ruiz sozialistak ere antzerako balorazioa egin du. Adierazi du badirela egoera larrian dauden beste hainbat sektore ere, eta horiei ere lagundu behar zaiela. Baina bat egin du "egoerarik larrienetariko bat" ostalaritzak bizi duela esatean. EAJk abstentziora jo zuen. Josune Escotak defendatu zuen jeltzaleak bat datozela neurriaren funtsagaz, baina "hutsuneak" ere badituela dio. Ostalariekin "bilera bakarra" egin izana, prozesuan "gardentasun eza" egon dela, eta neurria "berandu" datorrela iritzi dio, besteak beste.<

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!