Umeentzako Udaro programaren barruan, kirol udalekuak antolatuko dituzte lehenengoz Durangon

Joseba Derteano 2021ko api. 29a, 12:31
Julian Rios alkateordea eta Ane Abanzabalegi Durango Kirolak-eko presidentea gaur Landako Gunean eskainitako prentsaurrekoan.

Herritarren aldetik egon den eskariari erantzuteko antolatu dute udaleku berria, udal ordezkariek azaldu dutenez.

Udaro, umeentzako udako aisialdi eskaintza aurkeztu dute gaur. 3 eta 14 urte arteko umeentzako bost udaleku antolatu dituzte, ekainaren 21etik uztailaren 30era. Guztira 500 plaza egongo dira. "Aurten pandemia aurreko egoerara hurbiltzen saiatuko gara, beti ere neurri guztiak beteko direla bermatuz", azaldu du Ane Abanzabalegi Durango Kirolak-eko presidenteak.

Udalekuetako bat berria izango da: Udan Kirola. Udaleku horretan kirol desberdinekin gozatzeko aukera izango dute umeek. "Herritarren urteetako eskaria izan da eta  aurten gauzatu egin dugu", adierazi du Julian Rios alkateordeak. Egun batzuetan Durango Kirolak-eko azpiegituretan arituko dira. Ekimena burutzeko Durangoko kirol elkarte eta kluben laguntza ere izango dute eta elkarte horietara bisitak egingo dituzte. "Klubetako lana balorean jartzeko eta eurak ezagutara emateko modu bat da", Ander Alvarez gazteria eta kirol teknikariaren esanetan. Uztailaren 19tik 30era egingo dute eta 48 plaza izango ditu.

Beste udaleku bat berreskuratu egingo dute: Ingelesez Olgetan. Askotariko jokoen bidez umeek ingelesa praktikatzea da helburua. Txanda bi egongo dira eta bakoitzean 70 plaza eskainiko dituzte.

Izen-ematea

Udalekuetarako izen-ematea maiatzaren 3tik 10era (biak barne) izango da eta on-line egin daiteke. Beharrezkoa balitz, plazen zozketa hilaren 20an egingo da. Ondoren, maiatzaren 21etik 27ra formalizatu beharko da plaza.

Iaz, pandemia betean, umeentzako aisialdi eskaintzak ez zuen etenik izan. Egoerara egokitutako eskaintza landu zuten. Orduan, aurten lez, aisialdiko askotariko elkarte eta eragileen laguntza izan zuen udalak ahalik eta aisialdi programa egokiena lantzeko eta lan kolaboratibo hori balorean jarri du Julian Rios alkateordeak.

BOST UDALEKUAK

Txiki txoko:
- Adina: 3-5 urte artekoak.
- Epealdia: txanda bi, ekainaren 21etik uztailaren 9ra eta uztailaren 5etik 16ra.
- Plaza kopurua: 60 txanda bakoitzean.
- Prezioa: 90 euro.
- Izen-ematerako LOTURA (maiatzaren 3tik aurrera egongo da aktibo)

Hiri kanpamendua:
- Adina: 6-10 urte artekoak.
- Non: Landako Gunean.
- Epealdia: txanda bi, ekainaren 21etik uztailaren 9ra eta uztailaren 5etik 16ra.
- Plaza kopurua: 60 txanda bakoitzean.
- Prezioa: 90 euro.
- Izen-ematerako LOTURA (maiatzaren 3tik aurrera egongo da aktibo)

Abentura:
- Adina: 11-14 urte artekoak.
- Non: Fray Juan de Zumarraga institutuan.
- Epealdia: txanda bi, ekainaren 21etik uztailaren 9ra eta uztailaren 5etik 16ra.
- Plaza kopurua: 36 txanda bakoitzean.
- Prezioa: 90 euro.
- Izen-ematerako LOTURA (maiatzaren 3tik aurrera egongo da aktibo)

Ingelesez Olgetan:
- Adina: 7-14 urte artekoak.
- Non: Fray Juan de Zumarraga institutuan.
- Epealdia: txanda bi, ekainaren 21etik uztailaren 9ra eta uztailaren 5etik 16ra.
- Plaza kopurua: 70 txanda bakoitzean.
- Prezioa: 90 euro.
- Izen-ematerako LOTURA (maiatzaren 3tik aurrera egongo da aktibo)

Udan Kirola:
- Adina: 7-14 urte artekoak.
- Non: Durango Kirolak-eko azpiegituretan. Elkargunea Landako gunea izango da.
- Epealdia: txanda bat, uztailaren 19tik 30era.
- Plaza kopurua: 48
- Prezioa: 90 euro.
- Izen-ematerako LOTURA (maiatzaren 3tik aurrera egongo da aktibo)

 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!