Durango 1936 elkarteak aktibatu du Gernikako bonbardaketa oroitzeko sirena

Ekaitz Herrera 2021ko api. 26a, 19:19
(Argazkia: Txebi Arriaga)

Alemania naziko eta Italia faxistako hegazkinek Gernika bonbardatu zutela 84 urte betetzen dira gaur, eta hori gogora ekartzeko hainbat ekitaldi ari dira egiten Busturialdeko udalerrian. Durango 1936 elkarteak Gernikako bonbardaketa oroitzeko ekitaldietan parte hartu du. Astra arma lantegiko sirena izandakoa aktibatu dute, hegazkinak zetozela abisatu zuen sirenetako bat. 

Durango 1936 elkarteko kideak Gernikan izan dira gaur, hango bonbardaketa gogora ekartzeko ekitaldietan parte hartzen. Andoni Barreña eta Javi Conde Garamendi 'Lobak' elkarteak gonbidatuta hurbildu dira bertara. "Gernikako bonbardaketa bizi izan zutenen ilobek osatzen dute Lobak. Memoria historikoa lantzeko eta bonbardaketa oroitzeko ekitaldiak antolatzen dituzte. Urtero gonbidatzen dute baten bat Astrako sirena izan zena aktibatzeko, eta aurten guri egin digute gonbitea", azaldu du Barreñak. Sirena hotsa arratsaldeko 15:45ean aktibatu dute, hegazkin faxistek Gernika bonbardatu zuten orduan. Bunker baten barruan aktibatu dute, Astra lantegiaren azpian zegoen eta gaur egun ere zutik dagoen bunker barruan.

"Sirena aktibatzerakoan jendearengan pentsatzen duzu. Pentsatzen duzu aita-amengan, aittitte-amamengan. Elkartean halako testigantzak entzuten ditugu eta sentipen horiek etorri zaizkigu akordura", azaldu du Barreñak. Lobak elkarteak egindako gonbitea "oso keinu polita" izan dela adierazi du, eta gaineratu du elkarte bien arteko kidetasunak "aukera bat" zabaltzen duela etorkizuneko elkarlan berrietarako. Aurten Durango 1936 elkarteko kideei egokitu zaien arren, beste urte batzuetan "siriarrak" edo gerrako "aleman baten ahaideak" izan dira sirena aktibatzeko arduradunak, Barreñak esan duenez. Bestalde, "Espainiako sistema judizialak" oraindik ez dituela  "ez Gernikako ez eta Durangoko bonbardaketak epaitu" salatu du.

Berreskuratutako sirena

Andoni Barreñak zehaztu duenez, Lobak elkarteak bonbardaketa oroitzeko darabilen sirena Astra arma lantegikoa izan zen. Sirena horrek abisatu zuen, besteak beste, hegazkin faxisten etorreraz. Sirena lantegia osatzen zuten pabilioietako baten gainaldean zegoen, eta berreskuratu egin zuten, eraikina botatzear zegoela. Barreñak jakinarazi duenez, hegazkinek ez zuten Astra bonbardatu. "Bertan bando errepublikanoarentzako armak egiten zituzten hasieran, baina bando nazionalak lantegia bere egin zuen gerra bukatuta". Arma fabrika izandako eraikinean kulturgune autogestionatu bat dago gaur egun.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!