[BIDEOA] Porrotxek eta Durangoko Udalak heriotzaren gaia umeekin landu dute asteburuan

Anboto 2021ko api. 26a, 12:17

Eskola Kontseiluaren bitartez, heriotzaren tabua modu naturalean sentitu, pentsatu eta barneratzeko asmoz ekitaldi xumea antolatu zuten Ibaizabal parkean, Katxiporreta kooperatibaren ‘Amaren Intxaurrak’ ikuskizunaren baitan.

Bertan, gereziondo bat landatu zuten herriko ikastetxe ezberdinetako ikasleek, hildako senideen omenez. Ekitaldian, gainera, Kriskitin Dantza Taldeak bideratutako dantzariek eta soinujoleek parte hartu zuten.

Durangoko Udalak prentsa oharrean azaldu duenez, "proiektu honen bidez heriotzaren errealitatearen aurrean pertsonen ahalduntzea lortu nahi da, gai honi komunitatetik erantzunez, familiatik, lagun artetik, eskolatik, auzotik, herritik, …".

“Askotan oso zaila egiten zaigu heriotzaren gaia lantzea, eta zer esanik ez umeei. Hori dela eta, Katxiporreta kooperatiba eta herriko hezkuntza komunitatearen bitartez gai hau jorratu nahi izan dugu herriko gaztetxoenekin. Momentu zail horiek modu naturalago batez sentitu eta barneratzeko ekimen bat da, umeei lagundu asmoz”, azaldu dute Mariam Bilbatua eta Mikel Uriguena zinegotziek.

Ekimen hau joan den neguan Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek eskaini zuten ‘Amaren Intxaurrak’ ikuskizunaren jarraipena izan da. Maite Mutuberria ilustratzaileak eta Julio Soto bertsolariak prestatutako ‘Amaren Intxaurrak’ liburutik eratorritako lehen ikuskizun horretan pailazoek gereziondo bat oparitu zioten Durangoko Udalari, honek herriko hezkuntza komunitatearekin landatu zezan. Orain, hilabete batzuk geroago, gereziondo hori Ibaizabal parkean landatu da, herriko haur eta gaztetxoek heriotzaren gaia modu naturalago batean landu eta sentitzeko eremu bat izan dezaten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!