Gazteriak lan merkatuan bizi dituen "dominazioa eta pobrezia" aztertzeari ekin dio Durangoko GKS-k

Ekaitz Herrera 2021ko api. 26a, 09:39

Barikuan informazio gune bat ipiniko dute Durangoko Alde Zaharrean, "gazteek soldatapeko lanean izan dituzten esperientziak eta bizipenak" jasotzeko.

Durangoko GKS antolakundeak Soldatapeko lana: Dominazioa eta pobrezia izeneko kanpaina abiatu du, lan merkatuak gazteriagan ezartzen dituen "baldintza ekonomikoen analisia sozializatu eta horren adierazpen zehatzak salatzeko". Horretarako informazio gune bat ipiniko dute Alde Zaharrean. Barikuan atonduko dute, 18:00etatik aurrera, eta gazteriak soldatapeko lanean bizi izan dituen esperientziak batuko dituzte bertan. 

Jasotako testigantzekin kanpainan zehar egindako hipotesiak berretsi gura ditu GKS-k. Izan ere, gazte antolakunde sozialistaren esanetan,  gazteriak "pobrezia gero eta orokortuagoa" bizi du. "Kontratu bako lanek edo praktika-kontratuek soldatetan eragiten duten "debaluazioa", Aldi Baterako Lan Enpresek sortzen duten "esplotazioa", langabezia bera eta "lanpostuetan segurtasuna bermatuko duten baliabideen gabeziak" salatu ditu antolakundeak.

Durangaldeko GKS antolakundearen twitter kontuan informazio gehiago eskuratu daiteke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!