Durangoko Sorginola gaztetxeko kideek sare sozialetan salatu dutenez, asteon lapurrak sartu dira eraikin barrura. Ateak apurtzeaz eta azpiegituran kalteak eragiteaz gainera, CEIBA elkartea laguntzeko erabiltzen ari ziren gela ere eraso dute lapurrek. Azken eraso horrek esangura berezia du, elkarteak elkartasun kanpainak egin dituelako azken asteotan, Ekuatore Ginean martxoaren 7an izandako leherketako biktimak laguntzeko.
Gaztetxeko kideek salatu dutenez, gertaturikoa “herri mugimendu osoaren aurkako erasoa” da, “gaztetxearen edo berau erabiltzen duten” eragileen kontrakoa barik. Herritarrak deitu dituzte gaztetxea babestera, bertan antolatuko diren egitasmoetan parte hartzera, eta “CEIBA elkartea antolatzen ari den material bilketan ekarpena egitera”.
Ez da Sorginolara lapurretan sartzen diren lehen aldia. Izan dira antzeko gertakari gehiago. “Oraingoan ere aurrera” jarraituko dutela berretsi dute gaztetxeko kideek.