"Polita da gai baten bueltan bakoitzak zer kontatuko lukeen konpartitzea eta elkarrekin josiz zerbait berria sortzea"

Anboto 2021ko api. 23a, 17:55

Domekan, apirilaren 25ean, 12:00etan, San Agustinen 'Maitasunaren materia(lak)' eskainiko dute Hitzez eta Ahotsez literatur ekimenaren barruan. 

Iazko Hitzez eta Ahotsez bertan behera geratu eta gero, garai berrietara egokituta izaten ari da aurtengo edizioa. Asteburu honetan, narrazioa eta mugimendua uztartzen dituen Maitasunaren materia(lak) ikuskizuna aurkeztuko dute Uribarri Atxotegi eta Mireia Delgado durangarrek. "Ikusleak gorputz bi ikusiko ditu eszenan, mugimendua eta ahotsa baliatuz maitasunaren inguruan hausnartzen eta jolasten", azaldu dute protagonistek. Aurretik elkar ezagutzen zuten arren, emanaldi hau sortzeko berariaz batu dira. "Lehenengo aldia da elkarregaz zerbait sortzen dugula. Polita da gai baten bueltan bakoitzak zer kontatuko lukeen konpartitzea eta plazaratzeko modua elkarregaz jostea berria den zerbait sortuz. Bat gehi bat ez da bi", azaldu dute, pozik. Prozesuagaz ere pozik geratu direla gehitu dute. "Oso pozik gaude emaitzagaz, eta azkena ez izatea espero dugu". Ez dute baztertzen emanaldi gehiago egiteko aukera, are gehiago, emanaldi gehiago izatea gustatuko litzaiekeela esan dute.

Maitasunaren materia(lak)emanaldia domekan izango da, apirilak 25, 12:00etan, San Agustin kulturgunean. Aforoa mugatua izango denez, erreserbak bibliotekan edo 94 603 00 41era deituta eskatzeko esan dute antolatzaileek. "Zer ez da maitasunaren material? Guk errezeta bat egin dugu, baina ezagutu ahal izateko San Agustinera etorri behar da", gonbidatu dituzte herritarrak domekako ekitaldira.

Irakurraldia maiatzean
Bestalde, Hitzez eta Ahotsez literatur ekimenaren ekitaldi nagusia izan ohi den irakurraldia maiatzaren 7an egingo da aurten, San Agustin kulturgunean hau ere.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!