Ikus-entzunezko lan bat egingo dute industrializazio garaian Durangora bizitzera etorri zirenen ekarpena jasotzeko

Ekaitz Herrera 2021ko api. 21a, 17:58

Ikus-entzunezkoa beka baten bitartez gauzatuko dute eta 1950eko, 1960ko eta 1970ko industrializazio garaian Espainiako Autonomia Erkidegoetatik Durangora bizitzera etorritako herritarrek egindako ekarpena aztertuko dute bertan. Udalak "elkarbizitzarako pauso berri bat" eman gura du bekagaz.

Durangoko Udalak beka bat kaleratu du joan den mendean bertara bizitzera etorritako herritarren ekarpen kulturalak, ekonomikoak eta sozialak jaso eta ikus-entzunezko lan batean batzeko. Egitasmoaren aurkezpena gaur arratsaldean egin dute Bizenta Mogel bibliotekan eta bertan izan dira Juanan Bueno eta Mikel Uriguena zinegotziak, Verónica Redondo udal teknikariagaz. Juanan Bueno EH Bilduko zinegotziaren esanetan, udalak "elkarbizitzarako pauso berri bat" eman gura du ikerlanagaz. "Balioan ipini gura dugu Espainiako hainbat tokitatik 50eko, 60ko edo 70eko hamarkadetan etorritako herritarren ekarpena. Durango hobe bat sortu zuten eta udalak ahotsa eman gura die: zein ekarpen egin zuten, hona etorrita zein bizimodu utzi zuten atzean, zer gertatu zen familiekin, ohiturekin eta abar", esan du.

Bestetik, Mikel Uriguena Herriaren Eskubidea taldeko zinegotziak, bekak "herriko historiaren zati inportante bat hobeto ezagutzen" lagunduko duela azpimarratu du. "Hona etorri ziren guztiek Durango aldatu zuten, eta aldaketa haren kausak eta nolakotasunak zeintzuk ziren ikertu gura dugu". Aldaketa haren daturik esanguratsuena biztanleriaren gorakadak markatu zuela nabarmendu du Uriguenak: "1950ean, Durangok 9.000 biztanle zituen, eta handik 30 urtera, berriz, 1979an, hiru aldiz gehiago: 27.000". Prozesu migratorio hura bizi izan zutenen lekukotasunak hartuko dituzte elkarrizketetan, gero, istorio globala osatzeko.

Bekaren oinarriak

Verónica Redondo Durangoko Udaleko teknikariak bekaren xehetasunak eman ditu. Onuradunak 12.000 euroko aurrekontua eta 9 hilabeteko epea izango du ikus-entzunezkoa aurkezteko. "Bekaren onuraduna herritar gazte bat izatea gura dugu, Ikus-Entzunezko Graduko ikasketen azken urtea egiten ari den norbait. Edo ikasketak, gehienez ere, duela 6 urte bukatu zituen baten bat". Edozelan ere, beka eskuratu ahal izateko oinarri guztiak udalaren web orrian kontsultatu daitezkeela adierazi du Redondok. Maiatzaren 17ra arte aurkeztu ahalko dira hautagaitzak. Handik aurrera onuraduna zein den jakinaraziko dute, eta bederatzi hilabeteko epea martxan ipiniko da ikus-entzunezkoa entregatzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!