“Liburua idaztea erabaki genuen, inon argitaratuta ikusten ez genituen zenbait hausnarketa plazaratzeko"

Jone Guenetxea 2021ko api. 16a, 10:35

Ander Berrojalbizek (Durango, 1983) eta Javier Rodriguez Hidalgok liburua kaleratu dute Pepitas argitaletxeagaz. Covidaren kudeaketaren inguruan jarrera kritikoa dute.

Zerk bultzatuta idatzi duzue liburua?
Aspalditik lagunak izanda, COVID-19aren gaixotasuna agertu zenetik, Javier eta biok kontaktuan egon gara denbora guztian, bizi garen estatuetako gobernuek, Frantziakoak eta Espainiakoak, eta jendarteak egiten zutena komentatu izan dugu. Zenbait testu eta artikulu argitaratu ondoren, abenduan liburua idaztea erabaki genuen, inon argitaratuta ikusten ez genituen zenbait hausnarketa plazaratzeko. Nagusiena, epidemiaren larritasuna, ukaezina dena, ez dela nahikoa alde guztietatik egiten ari den askatasun murrizketa babesteko, are gutxiago gazteenen aurka gauzatzen ari den krimena justifikatzeko.

COVIDaren inguruan, hedabideek zein paper jokatu dute?
Gehienbat gobernuen propagandaren bozgorailua izan dira. Bonbardaketa informatiboagaz debate oro ukatu izan da, kriteriodun hausnarketa lasaiari ia lekurik utzi barik. Adibidez, ez da epidemiaren tamaina erlatibizatzeko balio ahal duen ia ezer argitaratu. Esaterako, tuberkulosiak eta malariak 2 milioi pertsona hiltzen dituzte munduan urtero, eta zifra horixe da 2021eko urtarrilera arte COVIDagaitik hildakoen kopurua; gainera, tuberkulosiagaitik eta malariagaitik hildakoak askoz ere gazteagoak izaten dira (malariagatik hildako pertsonen erdiek baino gehiagok 5 urte baino gutxiago dituzte), eta, askotan, sistema sanitario eskas baten ondorioz hiltzen dira.

Zientzialariak edo zientzia "erabili" egin dutela diozue. Zein zentzutan?
Ondorio sozialak dituen erabaki tekniko edo zientifiko oro erabaki politikoak dira. Hau saihestuta, zientzia sakralizatu, literalki ukiezin bihurtu gura izan da, debatetik ateratzeaz gainera, azken hau isilarazteko erabiliz.

Kulparen kolektibizazioaz ere berba egiten duzue.
Bai, azken hamarkadetako gure osasun sistemen eraispenaren arduradun diren politikariek, gure begirada euren gestio deitoragarritik aldentzeko asmoz, kulpa kolektibizatzen duten mekanismo asko martxan ipini dituzte azken urtean; uneoro kalean eta mendian maskara erabiltzeko derrigortasuna, edo gazteen bizimodua seinalatzea kasu. Eta, orokorrean, funtzionatzen ari da. Gobernuek eta haien murrizketek, edo, hobeto esanda, zenbait enpresa pribatuetako zientzialariek “zerbait egin” arte, isil-isilik itxaroten ari gara, ia noiz itzultzen diguten fisiologiaz haratago doan gure bizia, azken hau estimu handitan ez genuela frogatuz. Agian, gure bizimodua, hau guzti hau hasi baino lehen, jada erabat hutsik zegoela aitortu beharko dugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!