Euskal Herriko biodibertsitatea jorratzen duen 'Natura bizia' dokumentala estreinatuko dute asteburuan Zugaza zineman

Aritz Maldonado 2021ko api. 16a, 13:42

Natura Bizia dokumentala zinema aretoetara helduko da aste honetan. Durangoko Avis ekoiztetxeko Lexeia Larrañagak zuzendu du dokumentala, eta Alex Gutierrez arduratu da ekoizpen lanez; Asier Bilbao ekoizle durangarrak ere parte hartu du dokumentalean. Julio Veiga arduratu da musikaz.

 "Zinemarekiko, naturarekiko eta gure ingurunearekiko pasioagaitik egin dugu dokumental hau", azaldu dute Avis ekoiztetxetik. Horrela, dozenaka gunetan egin dituzte grabazio lanak, kostaldean zein barrualdean: Deban eta Zumaian (Gipuzkoa) Flyschean, Urdaibain (Bizkaia), Aralarren eta Bardeetan (Nafarroa), besteak beste. Durangaldean ere egin dituzte grabazioak, Urkiolako parkean, esate baterako. "Itsaslabar malkartsuak, itsaso amaigabea, magiaz beteriko basoak, kareharrizko mendi altuak... guztiek bizipen ahaztezinak eskainiko dizkiote ikusleari. Munduko zetazeorik handienen artean igeri egingo dugu, hartz arrearen lozorroaren ondorengo lehenengo pausoez disfrutatuko dugu eta mendietako hegaztirik ospetsuena den ugatzaren alboan hegaz egingo dugu", azaldu dute.

Ikuslearentzako "bidaia" bat proposatzen dute egileek Natura bizian. "Oso gustuko dugu natura, eta lan honen bitartez Euskal Herriko altxor naturalak gertutik erakutsi gura dizkiogu publiko zabalari", adierazi dute. Grabazio lanei buruz, hainbat erronka nabarmendu dute egileek, besteak beste, zero azpitik grabatu izana. "Animaliak filmatzea ez da batere erraza, gehien kostatu zaigunetariko bat hartz arrea izan da", nabarmendu dute. Animalia honen grabaziorako, dokumentalaren egileek hainbat egun behar izan zuten, baina pozik daude lorturiko emaitzagaz. "Natura bizia da hau, gure ondare naturaleko txoko eta izaki harrigarrienetariko batzuk ezagutzeko bidaia zoragarria", esan dute.

Naturaldia jaialdia
Areto komertzialetara ailegatu aurretik, Naturalia zine jaialdian estreinatu dute Natura bizia, Donostiako Príncipe zineman; Bilbon, Gasteizen, Iruñean, Madrilen eta Valentzian ere  eskainiko dute, gaurtik aurrera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!