Durangoko ostalariei 1.500 eurora arteko laguntzak ematea aurreikusi du udalak

Anboto 2021ko api. 14a, 12:57

Durangoko Udalak 175.000 euroko poltsa aktibatu gura du herriko ostalariak diruz laguntzeko. Gobernu taldeak hilaren bukaeran egitekoa den osoko bilkuran onartu gura du diru laguntza.

Tabernei eta jatetxeei 1.000 euroko oinarrizko laguntza eskaini gura die udalak. Eta 1.000 euro horiei beste 500 euro gehituko dizkie, tabernek hiru behargin baino gehiago badituzte, edo, 30 metro karratutik beharako terraza baldin badute. Durangoko Udalak jakinarazi duenez, dagoeneko diru laguntzen gaineko informazioa banatzen hasi da tabernarien artean. 

Diru laguntza hauek urte hasieran komertzioei eta autonomoei banatutako 190.000 euroei batuko zaizkie. Sektoreak izurriaren eraginez bizi duen egoera arintzen lagundu gura du udalak. “Oso urte zaila izaten
ari da hirugarren sektorearentzako eta, batez ere, ostalaritzarentzako. Etengabeko aldaketak jasaten ari dira arautegian, eta egunetik egunera baldintzak aldatuta ikusten dituzte. Durangoko Udalak bere alea jarri nahi du egoera zail honi aurre egiteko”, adierazi dute gobernu taldeko ordezkariek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!