San Jose Jesuitak Ikastetxeak Juanjo Moreno oroitu eta omentzeko ekitaldia prestatu du domekarako

Joseba Derteano 2021ko api. 13a, 12:27

Ikastetxeko irakasle jardun zuen urte askoan eta Jesuiten Etxea etorkinentzako harrera zentroko bultzatzaile aitzindaria izan zen.

Juanjo Moreno martxoaren 23an hil zen eta harrezkero bere figura gogoratu eta goraipatzeko hainbat ekimen egin dira. Ildo horretatik, San Jose Jesuitak Ikastetxeak Moreno oroitzeko eta omentzeko ekimena prestatu du domeka honetarako. 11:00etan ikastetxean bertan ekitaldi bat egingo dute eta, ondoren, 12:30ean, Andra Mari Basilikan batuko dira. Besteak beste, Jesus Lagundiko lagunek eta Durangaldeko hezkuntza, kirol eta kultur arloko ordezkariek parte hartuko dute.

Omenaldi ekitaldiaz gainera, Morenok hainbeste pertsonengan, erakunderengan, eta beste hainbat arlotan eragindakoa, egindakoa eta izandakoa jakitera ematea dute helburu. Horregatik, bizipenak, oroimenak, ikasketak, hitzak, anekdotak, argazkiak… batu gura dituzte biografia partekatu bat osatzeko. Horrelako dokumentoren bat duten herritarrei dei egin diete informazioa helbide elektroniko honetara bidaltzeko: erodriguez@durangojesuitak.org.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!