Arrazakeriaren kontrako astea, Durango kulturen arteko hiri-eredua izan dadin

Anboto 2021ko api. 13a, 09:59

Durangoko Udaleko Inmigrazio Sailak bat egin du Arraza Diskriminazioa Ezabatzeko Nazioarteko Egunagaz. Herritar guztien inklusioa, gizarte-kohesioa eta kulturartekotasuna sustatzeko ekitaldiak antolatu ditu apirilaren 20rako eta 21erako. 

Durangoko Udalak Arrazakeriaren aurkako astea antolatu du. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Itun Sozialean oinarrituta antolatu du astea, egungo "migrazio-erronkei positiboki erantzuteko eta arrazakeriari eta xenofoboari aurre egiteko". Mikel Uriguena zinegotziaren arabera, "elkarbizitza-harremanak sustatzeko espazio pribilegiatu gisa" ulertu behar da Durango, "bertan, aukera berdintasuna, gizarteratzea eta auzokide guztien ongizatea bermatuko dituzten berariazko ekintza-politikak eta planak" formulatzeko.

Honakoak dira Inmigrazio Sailak antolatutako ekitaldiak:

HITZALDIA: Aniztasunaren Eskola. Migraziorako Mundu Ituna

  • Data: Apirilaren 20a
  • Tokia: Elkartegia
  • Ordua: 18:30a
  • Hizlariak: Lorenzo Cachón, Madrilgo Complutense Unibertsitateko Soziologia
    katedraduna.
  • Parte hartzeko Inmigrazio Sailean izena eman beharko da, 944657091 telefonoan, edo www.durangonbizi.net helbidean.

IRRATIKO GOSARI-ELKARRIZKETA: Inmigrazioaren Aldeko Itun Soziala

  • Data: apirilaren 21a
  • Tokia: Durango Irratia. Irrati bidez emitituko dute. 
  • Ordua: 11:00
  • Elkarrizketa: Jose Antonio Oleaga eta Xabier Aierdi soziologoak. Begirune Fundazioko kideak.

EKITALDIAK IKASTETXEETAN

Udalak jakinarazi duenez, Arrazakeriaren aurkako astea hezkuntza eremuan landuko dute gehienbat. Honako jardunaldi hauek egingo dituzte ikastetxeetan

  • Zinema eta Giza Eskubideen Ikasgelak antolatuko dituzte Lehen Hezkuntzako ikasleentzat.
  • DBH1eko ikasleei zuzenduta, formazio tailerrak eta irrati-tailerrak antolatuko dira. Tailer horietan arrazismoa eta xenofobia prebenitzeko lanketa egingo da.
  • Hezitzaileentzako prestakuntza: “Balioetan oinarritutako hezkuntza, haur eta gazte literaturaren bidez”, Lehen Hezkuntzako irakasleei zuzendua.
  • Jarduerak Landako Eskolan:  World-kafea eta Dinamika Lehen Hezkuntzako zikloko ikasleekin
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!