Karrika antzerki taldeak aro berri bati ekingo dio 'Karrikan' lanaren estreinuagaz Durangon

Anboto 2021ko api. 1a, 10:20

Gaur apirilak 1 hasiko da Topaklwon. Karrikak apirilaren 4an 'Karrikan' obraren emanaldi bi eskainiko ditu Topaklown jaialdiaren barruan; Txotxe hil ostean, oholtzara igoko diren lehenengo aldia da. 

"Azkenean bai", esan dute barre artean antzezleek, eskuagaz mahaia ikutu bitartean, oraindino guztiz sinistu barik edo. Izan ere, Karrika antzerki taldeko kideek hiru bider atzeratu behar izan dute iazko udaberrian estreinatzekoa zuten Karrikan antzezlana. Urtebetean, hainbat egoera kudeatu behar izan dute, gainera; motibazio edo tentsio puntuei eustea gatx egin zaiela nabarmendu dute."Asko kostatu zaigu hainbeste etenaldiren ostean berriro martxan hastea. Berreskuratze lan bat egin behar izan dugu, baina ez hori bakarrik, aurrelanketa handia egin behar izan dugu gozatze mailara heldu ahal izateko", azaldu du Uxuri Gallastegi antzezleak. Gallastegigaz batera, Maite Lopez, Naiara Lopez, Gorka Madrazo, Garazi Magunagoitia, Mikel Uribelarrea, Maialen Magunagoitia eta Eider Chavez igoko dira oholtza gainera. Hasieran, Endika Zamalloak ere parte hartu behar zuen antzezlanean.

Zortzi lagun plaza batean, kaxa bat buruan dutela da eszenaratzea. "Bakoitzari, norbanako lez, kutxa bat egokitu zaigu, eta obran norberak kutxa horretan egokitu zaionera egokitzeko duen gogoari buruzko hausnarketa bat da", azaldu du Gorka Madrazok. Gaiari eusteko moduan ere igarri dute aldaketa Karrikakoek. "Beharrezkoa genuen geure artean jolasteko gogo hori berreskuratzea, antzerkiaz gozatzeko gogoa edukitzea berriro", gehitu du Maite Lopezek.

Komedia 'Karrikatua'
Taulara itzultzeko gogoz ez ezik, arduragaz ere badaude Karrikalariak. 2018ko otsailean Jose Martin Urrutia 'Txotxe', Karrikako alma materra, zendu zenetik, lehenengoz igoko dira oholtzara; Txotxeren parte hartzerik bako lehenengo lana izango da. "Txotxerena antzerki soziala eta aldarrikatzailea zen, eta hemen ere badago hausnarketarako tokia, baina beste ikuspuntu batetik kontatu gura izan dugu istorioa", azaldu du Eider Chavesek.

Txotxeren lekukoa Patricia Urrutiak hartu du lan honetarako, eta gustura daude elkarregaz egindako bideagaz, are gehiago testuingurua kontuan hartuta. "Gure filosofia ezagutzen zuen norbait behar genuen. Karrikak bere identitate propioa du, talde amateurra gara, eta geure egiteko modua dugu", esan dute. Hogei urteko ibilbidearen ondoren, Karrikak etiketa propioa garatu dutelakoan daude taldekideak, eta horrek presio puntu bat sartzen die estreinura begira. "Lan hau desberdina izango da, gauza askogaitik. Zerotik haste moduko bat izan da neurri batean", azaldu du Naiara Lopezek. Txotxek jende asko ezagutzen zuen eta babes hori heldu zaiela ere azpimarratu gura izan dute.

Topaklownen itzulera
Karrikak Topaklown jaialdi entzutetsuan estreinatuko du Karrikan. "Guretzat aukera itzela da, Topaklownen bestela ere parte hartu izan dugulako", azaldu dute. Hain zuzen ere, Patricia Urrutia Topaklowneko edizioetako batean ezagutu zuten hainbat karrikalarik.

Iazko edizioa bertan behera geratu eta gero, Topaklown jaialdia eraldatuta helduko da aurten. Hamalau emanaldi egongo dira, San Agustinen eta Landako Gunean, zazpi talderen eskutik. "Orain arte, ikuskizunez gainera, ikastaroak ere bagenituen eta horrek sortzen duen giroa galduko dugu. Baina ez genuen Durangora barrea ekartzeko aukera galdu gura", azaldu zuen Gorka Ganso antolatzaileak aurkezpen egunean. Egitarau osoa ANBOTOren webgunean dago ikusgai.

Apirilaren 4an, Karrika antzerki taldeak Karrikan antzezlanaren emanaldi bi eskainiko ditu; 17:30ean lehenengoa eta 19:30ean bigarrena.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!