Durangoko Pasioak Santa Anako plaza beteko du erakusketa batekin

Aritz Maldonado 2021ko mar. 25a, 12:05

2021ean ere ez da egongo Durangoko Pasiorik. Egitasmo ezagunaren ordez, eta boluntarioen lana eskertzeko asmoz, Juan de Iciar elkarteak argazki erakusketa antolatu du Durangoko Udalaren laguntzagaz. Martxoaren 29tik apirilaren 9ra bitartean egongo da ikusgai. 

"Ekimen honi esker, Durangoko Pasioa beste urte batez Santa Anan egongo da. Bide batez, urteotan lanean aritu diren boluntarioen lana aitortzeko modu bat ere bada. 28 urte daramagu lanean, eta horrela jarraituko dugu", azaldu du Josune Goienetxea Juan de Iciar elkarteko kideak. Alejandro Zugazaren 40 argazkik osatzen dute erakusketa; argazki horietako batzuk, 4x4 metroko olanetan inprimaturik daude; erretratoak, talde argazkiak edota sekuntzien argazkiak ikusi ahalko dira. "Pasioa tradizio bilakatu da Durangoko Aste Santuan, eta erakusketa honek turismoarentzako interesgarriago egiten badu, hobe".

Ima Garrastatxu Durangoko alkateak Pasioak Durangon duen garrantzia azpimarratu gura izan du. "Bai Pasioa, bai bertan lan egiten duen jende guztia erakusketa honetan egotea oso garrantztisua da. Bigarren urtez Pasioa bertan behera geratu arren, ez genuen gura geldi egotea". Julian Rios alkateordeak Durangoko udal gobernu taldea kultura hauspotzeko egiten ari den lana nabarmendu du. "Dozenaka durangarrek parte hartzen dute boluntarioki Pasioan, erakusketa hau egitea beraien lana eskertzeko modu bat da".

Erakusketa astelehenean muntatuko dute, Santa Ana plazako eraikin desberdinetan. Apirilaren 9ra arte egongo da ikusgai. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!