Durangoko udalbatzak langile publikoen behin-behinekotasuna murrizteko konpromisoa hartu du. Iñigo Andresek, udaleko beharginen komiteko presidenteak, ELA, LAB eta ErNE sindikatuek babesturiko mozioa eraman zuen atzoko osoko bilkurara, eta testuak aurrera egin du alderdi politiko guztien babesagaz. Honako ideia nagusi hauek onetsi dituzte: "kontratazioetan behin-behinekotasuna gehiegikeriaz" erabiltzeari uztea, eta hori lortu ahal izateko "beharrezko arau-aldaketak bultzatzea". Azken puntu hau dela-eta, Durangoko udalbatzak marko legala moldatzea eskatu die bere gainetik dauden instituzioei, horrela, behin-behinekotasunaren arazoari modu egokiagoan heltzeko.
%40ko behin-behinekotasuna Durangon
Andresek dioenez, instituzio publikoetan behin-behineko lanpostuen "abusu" bat dago, eta Durangoko Udala ez legoke egoera horretatik salbuetsita. "Espainiako Enplegu Publikoaren Legeak %8an kokatzen du behin-behineko lanpostuen gehienezko kopurua. Durangon %40koa da kopuru hori", dio. Gaur egun, Durangoko Udalak "240 bat behargin" ditu bere esanetara. Administrazio lanetan, udal egituran bertan dauden langileak daude alde batetik. Eta erakunde autonomoetako beharginak bestetik: Bartolome Ertzilla musika eskolako beharginak, Astarloa Kulturgintzakoak edo Durango Kirolak erakundekoak, besteak beste. "240 langile horietatik, 100 inguru behin-behineko egoera batean daude. Askok 12 edo 15 urte daramatzate egoera horretan, eta bada 20 urte daramatzanen bat ere", azaldu du Andresek.
Eta zelan joan behin-behinekotasuna gutxitzen? Bada, Andresen esanetan, Lan Eskaintza Publikoek ahalbidetuko lukete joera hori hartzea. OPE deiturikoek. "Egiten den Lan Eskaintza Publiko kopurua ez da nahikoa", bere ustez. Eta egiten direnek lanpostuan urteak daramatzatenen esperientzia hartu beharko lukete kontuan. "Bidea erraztu beharko litzaioke lanpostuan urteak daramatzanari", dio Andresek.