Guardia Zibilak tiroz hildako José Emilio Fernández elorriarrari buruzko erreportajea, "egia" gailendu dadin

Ekaitz Herrera 2021ko mar. 24a, 13:45

1978an, Guardia Zibilak auto bateko hiru bidaiari ametrailatu zituen Apatamonasterion. 16 urteko gazte elorriar bat hil zuten han: José Emilio Fernández. Bertsio ofizialak jaso zuen, auto gidariak polizia kontrola gainditu zuela eta horregatik hasi zela tiroketa. Durango 1936 Kultur elkarteak bertsio ofiziala gezurtatu du. "Ez zen polizia kontrolik egon", eta hori egiaztatzeko erreportajea kaleratu du urtekari berrian.

Durango 1936 Kultur Elkarteak mugarri berri bat ipini du eskualdeko memoria historikoa berreskuratzeko bidean. Urtekari berria kaleratu du, eta argitalpen berriaren aurkezpena egin du goiz honetan Durangoko Arte eta Historia museoan. Landutako edukien artean bi nabarmendu ditu Andoni Barreñak: Jon Irazabali egindako elkarrizketa, eta Guardia Zibilak eraildako José Emilio Fernández elorriarrari buruzko erreportajea. Ordukoa zelan gertatu zen azaldu dute erreportajean:

1978ko ekaineko gau batean, Guardia Zibilak auto bateko hiru bidaiari ametrailatu zituen Apatamonasterion, Durangotik Elorriorako bidea egiten ari zirela. 16 urteko gazte elorriar bat hil zuten tiroketa haren ondorioz: José Emilio Fernández. Garai hartako bertsio ofizialak jaso zuenez, auto gidariak polizia kontrola gainditu zuen, eta horrek eraginda hasi zuten tiroketa agenteek. Baina gertatu zena oso-oso bestelakoa da autoan bidaiari joan ziren beste bien eta Fernández zenaren familiaren esanetan. "Ez zen inolako polizia kontrolik egon". 

"Oroimen desegoki, trakets eta maltzurra"

Andoni Barreñak adierazi du 2021eko hasieran izan zutela gertakariaren berri. Gaia ikertzeari ekin zioten, eta erreportaje bat osatu dute horrekin. Honako hauen testigantzak jaso dituze: José Félix Marías elorriarrarena (tiroketan hildako José Emilio Fernándezen laguna; autoan bidaiari zihoan tiroketa gertatutakoan), Javier Fernández elorriarrarena (José Emilioren anaia) eta Mitxel eta Jose Luis Zenitagoia elorriarrenak (euren aita izan zen autoko gidaria tiroketan). Argitalpenagaz, Fernández zenaren oroimena erreparatu gura du Durango 1936 elkarteak, "oroimen desegoki, trakets eta maltzurra", Barreñaren esanetan. "Bertsio ofizialak jaso zuen errua txoferrarena zela. Baina ez zen kontrolik egon. Inork ez zuen ikusi. Ez autoan bidaiari joan zirenek, ezta handik pasatutako beste autoek ere".

Aurkezpenean parte hartu dute José Félix Maríasek, Fernándezen lagunak, eta azken honen anaiak. "Gertatu zena hor dago ipinita. Egia egin behar da, gero erreparazioa eta justizia etor daitezen. Ez dakigu etorriko den, baina nire bihotzak justizia gura du", adierazi du Maríasek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!