“Gitarrista gustura eta eroso badago, sortzen duen musika hobea izango da"

Anboto 2021ko mar. 21a, 10:30

Joserra Alvear (Durango, 1966) nerabezaroan hasi zen gitarra jotzen. Gitarra klasikoagaz lehenengo, eta gitarra elektrikoagaz geroago, rock doinuek erakarrita. The Cheap & Nasty Boys taldeko gitarrista izan zen, iaz arte; luthier lanetan hasi zenetik, taldeagaz guztiz lotuta jardutea gatx egin zitzaion arte. Los Mazmorras Killers taldean ere jo zuen aurretik. Gitarra aukeratzerakoan, eroso sentitzea ezinbestekoa dela uste du. Era berean, gitarraren eskala aintzat hartzea gomendatzen du. "Denok ez dugulako Jimi Hendrixen gorputza", dionez.

Noiz hasi zinen gitarra elektriko ergonomikoak egiten?
Orain 10 urte hasi nintzen gaiari bueltak ematen. Gitarra elektrikoak ñabardura asko du, oso aberatsa da horretan, eta denbora behar nuen etekin guztia ateratzeko. Gitarra elektrikoa jo gura nuen, ikasten jarraitu. Baina sentitzen nuen ez nuela aurrera egiten. Gitarra elektriko tradizionalen hainbat kopia egin dut, baina, jotzerakoan, instrumentuak berak enbarazu egiten zidala sentitzen nuen.

Diseinatutako gitarra elektrikoagaz lortu duzu bila zenbiltzan hori? Zerk egiten du berezi zuk diseinatutako Headless gitarra ergonomikoa?
Diseinatu dudan gitarrak instrumentuaz disfrutatzeko aukera ematen dit, askatasun handia. Gitarra elektrikoak aukera asko ematen du mugimendu aldetik, eta, jotzerakoan, gitarra hartzeko modua dela-eta, ez ditugu postura erosoak hartzen. Headless gitarra elektriko ergonomikoak, ostera, postura egokiagoak hartzen laguntzen digu, gitarra elektrikoaren soinu indartsua galdu barik. Instrumentua bera egokitzen da gitarristara, eta ez alderantziz. Gitarra hartzeko moduak baldintzatu egiten gaitu askotan. Gitarra bakoitzak, duen itxuragaitik, musika bat edo beste sortzera garamatzala uste dut.

Zelan lortu duzu gitarra elektriko baten soinu indartsuari eustea?
Gitarra handiak sonoritate handiagaz lotzen dira. Eta hala da. Soinuak dar-dar egiteko kaxa handiagoa dute. Baina giderraren eta kaxaren arteko lotura ahulagoa dute. Diseinatutako gitarran, kaxaren tamaina txikia lotura sendoago bategaz orekatzen ahalegindu naiz: diapasoia kolatu baino lehen, azkoinak ipintzen ditut. STL gitarra txikiagoa da, pisu gutxiago du (1,8 eta 2,5 kilo dute gehienez), mugikortasun handiagoa eskaintzen du eta ergonomia gehiago du. Jostailutxo bat dut esku artean, oso eramangarria. Orduak eman ditzaket gitarragaz, eroso, postura egokian, eta askoz ere etekin handiagoa atera diezaioket. Gitarrista gustura eta eroso badago, sortzen duen musika hobea izango da. Estetika baino gehiago, soinua zelan entzuten den da garrantzitsua.

Eskuz egiten dituzu gitarrak. Oso lan zorrotza da?
Bai. Artisau-lana da, guztiz. Txantiloi bat aukeratu ondoren, egurrean  markatzen dut, moztu eta kaxa egiteko. Gero, giderragaz lotzen dut. Lizarra, astigarra, kaoba amerikarra... erabiltzen ditut. Pazientzia behar da, arreta ipintzea. Eskuz egindakoa denean igartzen da jotzerako orduan.

Zer bezero mota duzu? Gitarrista profesionalik joan zaizu?
Urte berezia izan da. Egoerak baldintzatuta, halako bezero-jario bat izan dut, eta etorri da profesionalen bat ere. Harrituta geratu da egindako lanagaz. Gainera, gitarra headless-ak geroago eta leku gehiago hartu du. Sistema modular baten bitartez, gitarraren zati bakoitza independentea da, eta oso erraz gehitu daitezke gura beste hari:  6,7,8 edo 12 . Dena dela, gitarra irakasleek estimatu dute gehien nire lana. Ordu asko jarraian ematen dituzte gitarragaz.

Nork inspiratu zintuen gitarra jotzera?
Beatles entzuten nuen garaian, Frank Zapparen disko bat ekarri zidan anaiak. Liluratu egin ninduen. Jenio bat zen. Deep Purple, Led Zeppelin… beste asko etorri dira gero.

Zelan zaindu behar dugu gitarra bat?
Zentzua erabiliz, ez du beste misteriorik. Erabilitako beste guztia lez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!