“Feminismotik alternatibak lantzen gabiltza, transnazionaletatik 'desentxufatu' ahal izateko”

Anboto 2021ko mar. 18a, 13:25

Júlia Martí Comasek (Karrantza, 1989) berbaldia emango du Durangoko San Agustin Kultur Gunean, martxoaren 18an, Durangoko Bilgune Feministak gonbidatuta. Multinazionalek munduko hainbat herrialdetan zein gure inguruan duten eragina aztertuko du genero ikuspuntutik.

Latinoamerikako Multinazionalen Behategiko kidea zara. Zein lan egiten duzue?
Botere korporatiboaren inguruan lan egiten dugu. Enpresa multinazional hauen eragin zehatzen analisia egiten dugu, baita enpresen eta instituzioen botere harremanei buruzkoa ere. Harreman horiek erraztu egiten dute enpresa hauek hain inpaktu larria izatea. Bestalde, alternatibak ere lantzen ditugu, begirada lokal eta ekofeminista batetik.

Zein eragin dute multinazionalek latinoamerikan, eta bereziki genero ikuspuntutik emakumeengan?
Argitu gura nuke enpresa multinazionalek hemen ere badutela eragina. Hala ere, inpaktua ezberdina da. Hemen, energia ekoizten duten enpresen kasuan, pobrezia energetikoagaz edo tarifa altuekin dute zerikusia. Latinoamerikan, megaproiektuak ikusten ditugu. Energia berriztagarrien kasuan, enpresa hauek ez lukete inguruan hainbeste inpaktu izan behar, baina energia berdea barik irabaziak handitzea denez euren helburua, eguzki-parkeak edo elizedun handiak egiten dituzte, eta horrek eragin handia du inguruko komunitateetan. Gutxi gorabehera, komunitate hauek oreka bat mantentzen zuten. Enpresa handiak komunitate batera heltzen direnean, batez ere naturagaz, kulturagaz eta nekazaritzagaz duten loturan inpaktu handi bat gertatzen da. Bizitzaren prekarizazioa dakar eta bizitza prekarizatzen denean egoera horrek eragin handiagoa du emakumeengan. Bizitzen jarraitzeko ahalegin bikoitza egin behar denean, emakumeek sufritzen dute gehien. Gainera, honi biolentzia eta krimen organizatuaren hazkundea gehitzen badiogu, emakumeengan segurtasun falta handiagoa dago.

Egoera honen aurrean, zein alternatiba dugu?
Enpresa hauetako batzuek irudi bat saldu gura izaten dute hemen: ingurumenagaz konprometituta daudela eta feministak direla. Irudi faltsua da. Hor dago Ropa Limpia kanpaina, arroparen industriaren eragina salatu duena. Sareen arteko aliantzak bultzatu behar ditugu. Bestalde, instituzioen aldetik ere kontrol bat egon beharko litzateke, giza eskubideak errespetatzen dituztela bermatzeko. Bestalde, feminismotik alternatibak lantzen gabiltza, transnazionaletatik 'desentxufatu' ahal izateko. Gure bizitza ekonomiko eta soziala transnazionaletatik kanpo egitea, hain zuzen ere. Elektrizitatea ez diogu zertan Iberdrolari erosi, beste kooperatiba batzuk daude. Janaria ez dugu zertan Mercadonan erosi. Badaude kontsumo taldeak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!