Durangoko EH Bilduk joan zen domekako herri galdeketari buruzko balorazioa egin du. "Oso pozik" daude domekakoagaz. "Pandemia, hilabete gutxian antolatutako galdeketa, eta zenbait alderdik egindako beldurraren kanpaina" kontuan hartuta, "durangar askok bozkatzea erabaki" dutela iritzi dio EH Bilduk.
Emaitzari buruz
Durangoko alderdi politikoek emaitzari buruz kaleratutako iritzi kontrajarrien aurrean, EH Bilduk adierazi du "parte hartzea antzerako herri galdeketetan izan ohi dena baino askoz altuagoa" izan dela. Horren adibide modura ipini du 2017an Basaurin (Bizkaia) egindako galdeketa. Bertan, Durangon baino "10 puntu" baxuagoa izan zen parte hartzea. Bestetik, EAJk eta PSE-EEk osatutako Jaurlaritzari buruzko konparaketa egin du. "Hauteskunde erroldaren %26aren botoak bakarrik jaso zituzten". Bai galdeketaren bai Jaurlaritzaren "zilegitasunak", beraz, "parekoak" lirateke EH Bilduren iritziz.
Abstentzioan gelditu diren herritarrik gehienak "informazio edo interes faltagatik" edo "pandemiaren ondorioz erabakian parte ez hartzea aukeratu" dutelako ez dira bozketara joan. Koalizioak dioenez, "gutxiengoa" da "oposizioko alderdiek azken momentuan abstenitzeko deia egin ondoren" galdeketara joan ez den herritarren kopurua.
"Enpatia falta"
Koalizio subiranistaren esanetan "alderdi guztietako jendeak, alderdiekin identifikatzen ez denak eta inoiz bozkatu ez duenak" ere parte hartu zuen galdeketan. Gainera, "parte hartzerik" handiena trenbide zaharraren bueltako auzoetan izan zela adierazi du . EAJren eta PSE-EEren adierazpenei begira, berriz, honako hau dio: "herritarren parte hartzeari “denbora galtzea”, “zentzugabekeria” edo “minuto de gloria” deitzeak, inguruko auzokideekiko enpatia falta kezkagarria erakusten du". Galdeketari eta emaitzei "zilegitasuna" kentzen saiatzeko egin den kanpaina "oldarkorra" durangar guztientzako "irain larria" dela esan du EH Bilduk.
PERI1 Trenbideari buruz
Koalizio subiranistaren esanetan, durangarrek "herriaren zatiketa eta eragozpen amaigabeak" ordaindu dituzte 30 urtez, "erabiltzaile guzti-guztien mesederako". Azpiegitura publikoak zergekin ordaintzen direla-eta, "ezin da ulertu durangarrek birritan ordaindu dezaten defendatzea". EAJk eta PSE-EEK gaur egungo PERIa lekuz kanpo degoela publikoki aitortu izateak "itxaropenez" jaso du EH Bilduk. "Durangarrek erabakitzen duten proiektu parte hartzailearen defentsan elkarrekin aritzea espero dugu bihotz-bihotzez, eta euren alderdiek gobernatzen duten Eusko Jaurlaritzak eta ETS erakunde publikoei oztoporik ez jartzera animatuz". EH Bilduk erakunde politiko eta alderdi politiko guztiei dei egin die "emaitzak errespetatzera eta egia bihurtzeko elkarlanean aritzera".