Erabaki: "Orain instituzioei dagokie prozesu parte hartzaile bat eta proiektu bideragarri bat martxan ipintzea"

Ekaitz Herrera 2021ko mar. 16a, 12:02

Erabaki plataformaren esanetan "ahalduntze ariketa izugarria" izan zen domekakoa. Parte hartzeak "aurreikuspen guztiak" gainditu zituela esan du. Plataformak amaitutzat eman du bere ibilbidea. Eskerrak eman dizkie durangarrei.

Erabakiren arabera "historikoa" izan zen domekakoa. Plataformak markatutako "aurreikuspen guztiak gainditu" ziren. "Ez da sekula egon durangarroi dagokigun gai bati buruzko galdeketarik, prozesu parte-hartzaile edo iritzi-emate ariketarik, halako parte hartzea izan duenik. Martxoaren 14koa herritarron ahalduntze ariketa izugarria izan zen, gure herriari dagokion gai bati buruz erabakia hartzekoa. Erabakietan parte hartzeko modu berri baten hasiera izan daiteke hau, jendea erabakitzeko gogoz dagoela ikusi genuen", baloratu du plataformak, hedabideetara bidalitako oharrean.

Emaitzari buruz ere berba egin du berba. Honakoa dio galdeketan parte hartu zutenen %94 inguruk indarrean dagoen proiektua gelditzea eskatu dutela-eta: "Orain, instituzioei dagokie Durangok domekan esan zuena esan eta PERI1 ferrocarril proiektua bertan behera utzi eta prozesu parte-hartzaile bat izango duen alternatiba bideragarri baten azterketa martxan ipintzea".

Bide baten amaiera

Erabakik amaitutzat eman du bere ibilbidea, baina aurrera begira, parte hartzea normalizatzeko hitzordu gehiago egoten daitezen eskatu du. Ez hori bakarrik. Domekan Europako nazionalitatea ez edukitzeagatik hainbat herritar parte hartu barik gelditu zirela- eta, aurrerantzean, horiei aukera ere ematea eskatu du plataformak. Erabakik eskerrak eman dizkie durangarrei: "Eskerrik asko, Durango. Erabaki dugu eta erabakitzen jarraituko dugu!"

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!