Durangaldeko Podemos Ahal Dugu alderdiak atzoko egunaren balantzea egin du. Bere esanetan, "finkatuta" gelditu da "herritarren parte hartze eredua", eta atzokoak ateak zabaldu dizkio udal mailan herritarren berba kontuan hartzen hasteko bideari. Talde morearen arabera "arrakasta handia" erakusten du %28,57ko parte hartzeak. eta gaineratu du atzokoan hainbat "oztopo" egon zirela. EAJren eta PSE-EEren "boikota", pandemia, eta posta bidezko botoa eman ezin izatea ipini dituzte oztopo horien adibide modura. "Egoera horretan, oso positibotzat jo behar da Durangoko 7.076 bizilagun bozkatzera joan izana. Era berean, Podemos Ahal Dugu bozketen emaitzarekin ere pozik dago; izan ere, 6.680 botok babestu dute PERI 1 Trenbidearen proiektua geldiaraztea", azaldu du Durangaldeko Podemos Ahal Duguk. "Herritarrek argi eta garbi hitz egin dute: Durangok proiektu jasangarri gehiago eta hirigintzako negozio azkar gutxiago behar dituela ", gaineratu du alderdiak.
"Indar handiagoa"
Emaitzak ikusita, indar handiagoz lan egiten jarraitzeko konpromisoa berretsi dute. "Igande honetan Durangon egindako jardunaldiak gobernantza eredu berri bati ateak irekitzen dizkio, eredu demokratikoago, gardenago eta parte-hartzaileago bati, azken finean, herriak berak nolako herria izan nahi duen erabakitzen duen eredu bati", gaineratu dute.