Durangoko galdeketa

Landako Guneak Durangoko historian lehenengoz egingo den herri galdeketa hartuko du domekan

Jone Guenetxea 2021ko mar. 12a, 09:30

Egun gutxi geratzen dira PERI1 Trenbidea proiektuaren inguruko galdeketa egiteko. Egun historikoa izango da, Durangon egingo den lehenengo herri galdeketa izango delako. Gobernu Taldeko kideak Landako Gunean batu ziren atzo, kontsultaren inguruko informazio praktikoa emateko.

Ima Garrastatxu Durangoko alkateak azaldu zuenez, "nabarmendu gura dugu kontsulta hau herriak agindu digula guri, eta ez alderantziz. Horregaitik, Erabaki plataforma herritarrak egindako lan guztia nabarmendu gura dugu, ez baita erraza Durango batean ia 4.000 sinadura lortzea. Julian Rios alkateordeak azpimarratu zuenez, "egoera sanitario gatxa bizi dugun arren, segurtasun protokoloak ezarri ditugu botoa ematea segurua izan dadin".

Eztabaida politikoa
Galdeketaren kanpainan zehar, Durangoko alderdi politikoek euren iritzia eman dute. Horrek ika-mika sortu du, gainera. PSE-EEren kasuan, galdeketa "fartsa" bat dela eta ez duela parte hartuko azaldu zuen orain aste bi. Durangoko EAJk herri galdeketari buruzko posizioa aste honetan argitu du. Abstenitu egingo da domekan, eta abstentziora jotzeko deia egin die durangarrei. Talde jeltzaleak adierazi du begi onez ikusten dituela herritarren parte hartzea eta kontsulta, horiek "berme juridikoekin eta informazio guztiagaz" egiten badira; baina domekan egitekoa den galdeketak ez ditu ezaugarri horiek betetzen, jeltzaleen iritziz. Udalak eta Eusko Trenbide Sareak trenbidea lurperatzerakoan sinatu zuten akordioari buruz ere berba egin du EAJk. Bere esanetan, "akordio hori hausteak eta 60.000 m2-ko lursaila desjabetzeak Eusko Jaurlaritzari 266 milioi euroko kalte-ordaina ematea ekarriko lioke udalari". Horrenbestez, "udal kutxak ia porrot" egingo lukeela, eta "zerbitzu publikoen gastuak bere gain hartzeko gaitasuna" murriztuko litzatekeela gaineratu du EAJk.

Durangoko EH Bilduk gogor kritikatu ditu jeltzaleen adierazpenak. "Durangoko EAJk Trumpen gustuko intoxikazio eta desinformazio estrategiekin bat egin izana arbuiatzen dugu", adierazi du koalizio subiranistak. Trenaren lurperatzeak eta inguruan eraikitako zerbitzuek eragindako gastuen inguruan koaliziotik azaldu dutenez, "durangarrek ordaindu beharko dituztela esatea gezur handi bat da". Gaineratu dutenez, "garrantzitsua da obra horren hasierako aurrekontua 67 milioi eurokoa izan zela gogoratzea, baita kostuen eta gainkostuen artean azken kostua 266 milioikoa izan dela ere, 'kudeaketa onaren' demostrazio zoragarria".

Podemos Ahal Duguk galdeketa "boikoteatzen" aritzea egotzi die EAJri eta PSE-EEri. Abstentzioan lerratzea "dorreen proiektua defendatzea" dela dio talde moreak. Horren aurrean, galdeketan parte hartzera eta bertan baiezkoa bozkatzera deitu dituzte herritarrak. Isabel González legebiltzarkide durangarraren esanetan, domekakoak "inflexio puntu bat" ekarriko du. Bere esanetan, "Ordezkaritza demokraziatik demokrazia parte hartzailera" eman beharreko bidea islatuko luke galdeketak.

 

1. GALDERA 

Ados al zaude PERI1 Trenbidea proiektua gelditzearekin eta irtenbide bideragarri baten azterketa abian jartzearekin, betiere, herritarren parte hartzea aintzat hartuta ?
Martxoaren 14an galdera horri BAI edo EZ erantzun beharko diote herritarrek.

2. MARTXOAK 14

Galdeketak beste hauteskunde batzuetako ordutegia izango du: 09:00-20:00.
Martxoaren 13a hausnarketa eguna izango da.

 3. AUTOBUSA

Autobus bat ipiniko dute Landako Gunera joateko (09:00-19:30). Autobus horrek 15 plaza ditu eta horietatik 3 mugikortasun mugatua duten pertsonentzat izango dira.
San Fausto - Larrasoloeta (Durango irratia) - Tabira (Arriluzeaga 11)- San Agustinalde 14/16 - Askatasun Etorbidea 26 - Aramotz Auzunea (Pagasarri 3) - Astepe - Fray Juan de Zumarraga 25- Landako Etorbidea (autobus geltokia).

 4. 17 MAHAI

Landako Gunean hauteskundeetan ezartzen diren eskolen arabera antolatuko dute boto ematea (ikusi 3. orriko mapa).
17 mahai ipiniko dituzte, behar den moduan seinaleztatuta, herritarrek nondik sartu behar duten jakiteko. Lau sarrera egongo dira.

Informazio puntu bat egongo da 2. sarreran, herritarren zalantzak argitzeko.

5. 51 BOLUNTARIO

Hauteskunde-mahaietan 51 boluntariok eta 6 udal langilek lan egingo dute.
141 herritarrek eman zuten izena galdeketan laguntzeko, eta udalak 51 aukeratu zituen, zozketa baten bitartez. 

Informazio guztia:  www.galdeketa.durango.eus

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!