Landako Gunean dena dago prest Durangoko herri galdeketa hartzeko. Han-hemenka sakabanatutako hamazazpi mahai atondu dituzte eraikinaren iparraldeko aldean. Eta bakoitzaren gainean, hautetsontzi bana, bere likido desinfektatzaile eta guzti. Boto-paperak hartzeko armairuak ere, prest. Eta ez dira falta herritarren zalantzak argitzeko gunea eta hedabideek lan-esparru moduan erabili ahalko duten eremua. Azken txanpan dago galdeketa eta Ima Garrastatxu alkateak eta Julián Ríos alkateordeak eszenatoki horretan bertan egin dute agerraldia, goiz honetan.
"Domekakoa herritarren eguna izango da. Galdeketak inflexio-puntu bat markatuko du Durangoren historian eta gobernatzeko moduan", adierazi du Garrastatxuk. "Galdeketak aukera bat ematen du herriari berba emateko eta guk gobernu moduan herriari entzuteko". Ríosek, antzeko berbak izan ditu eta herritarrek emandako "mandatua" aipatu du. "Inportantea da galdeketa honek herritarrek egindako mandatu bati erantzuten diola gogora ekartzea. 4.000 durangarrek babestutako eskariarekin egingo da galdeketa. Udalak mandatu hori exekutatuko du orain", adierazi du. Bi agintariek bozketa osasun berme guztiekin egingo dela aurreratu dute eta durangar guztiak gonbidatu dituzte bozketan parte hartzera. "Izan erabakia", gaineratu du Garrastatxuk.
24.700 durangar botoa ematera deituta
Domekan 24.700 bat herritarrek izango dute galdeketan parte hartzeko aukera. Ohiko hauteskundeen funtzionamendua izango du egunak. Janire Sanz udal teknikariak horren gaineko hainbat datu eman ditu gaurko agerraldian. Honako hauek dira:
- Bozkatzeko ordutegia 9:00etatik 20:00etara izango da.
- 17 mahai. 17 hautetsontzi egongo dira. Landako Gunean guztiak.
- Eraikinera sartzeko lau sarbide egongo dira.
- Barruan informazio puntu bat atonduko dute.
- Mugikortasun arazoak dituzten herritarrek lehentasuna izango dute.
- Osasun egoera dela eta, 75 urtetik gorakoei honako gomendio hau eman die udalak: botoa ematera 9:00etatik 12:00etara edo 15:00etatik 17:00etara hurbildu daitezela, herritarren joan-etorririk gehienak ekiditeko.
- Domekan, 14:00etan eta 18:00etan, parte hartzeari buruzko datuak emango ditu udalak.
- 7 udal langile eta 51 boluntario arduratuko dira galdeketaren martxa egokiaz.
- 20:00etan hauteslekuak zarratuko dituzte eta zenbaketari ekingo diote. Udal idazkaritzako beharginak arduratuko dira zenbaketa ikuskatzeaz.
- Galdeketaren emaitzak egun horretan bertan komunikatuko dituzte, zenbaketa bukatuta.