Aukera Azokan parte hartu duten dendarien gehiengoa "pozik" izandako salmentekin

Ekaitz Herrera 2021ko mar. 10a, 10:24

Arraroa, baina ia-ia ona". Dendak Bai Durangaldeko merkatarien elkarteak berba horrexekin laburbildu du joan zen asteburuan Durangoko Landako Gunean egindako Aukera Azoka. Elkarteak balantzea egin eta kopuru batzuk bistaratu ditu. Gutxi gorabehera 10.000 bisitari hurbildu ziren Aukera Azokara.

Kopurua "ohikoa baino baxuagoa" dela esan du elkarteak, eta jaitsiera horren atzean duela egun gutxira arte mugikortasuna mugatzeko indarrean egondako neurriak daudela gaineratu du. Neurrien eraginez, Landako Gunera "Durangoko eta herri mugakideetako pertsonak" baino ezin izan zirela hurbildu adierazi du merkatarien elkarteak. Dena dela, "salbuespenak salbu", dendariek "ohiko" salmentei eutsi diete. "Saltokien portzentaje altu bat pozik agertu da egindako salmentekin, hain arraroa izen den edizio honetan jarritako itxaropenak ere gainditu zirelako", adierazi du Dendak Baik. Prebentzio eta segurtasun neurriei dagokienez, bisitarien jarrera "zoriontzekoa" izan zela jakinarazi du merkatarien elkarteak. Hartu beharreko neurri guztiak errespetatu zirela, eta jende-pilaketak eta egoera deserosoak ekidin zirela gaineratu dute.

18 dendari
Joan zen asteburukoa Aukera Azokaren hamaseigarren edizioa izan zen. Hamazortzi establezimenduk hartu zuten parte; arropa, osagarriak edo zapatilak saltzen dituzten hamabost dendarik eta jatekoa saltzeaz arduratzen diren beste hiru establezimenduk. Aukera Azoka Dendak Baik antolatu ohi du urtero, Durangoko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesagaz.Denboraldi honetan edo beste batean saldu barik geratutako produktuak prezio merkeagoan eskuratzeko aukera eskaintzen du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!