Durangoko galdeketa

EH Bildu: "Durangoko EAJk Trumpen gustuko intoxikazio eta desinformazio estrategiekin bat egin izana arbuiatzen dugu"

Anboto 2021ko mar. 9a, 18:27

EH Bilduk gogor kritikatu ditu EAJk gaur goizean galdeketaren inguruan kaleratutako adierazpenak. Durangoko EAJk abstentzioa eskatu du domekako herri galdeketari begira.

Jeltzaleak herritarrak "gezur eta manipulazio nabarmenez" desinformatzen ari direla azaldu du EH Bilduk. "Durangoko EAJk Trumpen gustuko intoxikazio eta desinformazio estrategiekin bat egin izana arbuiatzen dugu", dio koalizioak.

Trenaren lurperatzea eta inguruan eraikitako zerbitzuek eragindako gastuen inguruan koaliziotik azaldu dutenez, "durangarrek ordaindu beharko dituztela esatea gezur handi bat da". Gaineratu dutenez, "garrantzitsua da obra horren hasierako aurrekontua 67 milioi eurokoa izan zela gogoratzea, baita kostuen eta gainkostuen artean azken kostua 266 milioikoa izan dela, 'kudeaketa onaren' demostrazio zoragarria. Gainera, PERIaren proiektu osoa epaiaren zain dago auzitegietan aurkitutako irregulartasun zantzuengatik, eta horrek ez du inola ere proiektua geldiaraztea ekarri, EAJk esaten ari den bezala", dio EH Bilduk. Gaineratu dutenez, "kasurik inprobableenean erakundeen artean akordiorik lortuko ez balitz, lurraren hirigintza-gainbalioa bakarrik litzateke jokoan dagoena".

EH Bilduk galdeketari "babes osoa" adierazi dio, eta domekan botoa "masiboki" ematera deitu du. 

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!