“Testu sorta bat barik, koherentzia duen lan bat egitea lehenetsi dugu”

Aritz Maldonado 2021ko mar. 8a, 09:13

Sorginolako Ateneo proiektu literarioko kideek labean dute Berbaz aldizkariaren hirugarren alea. Durangaldeko hamazazpi artistaren lanei eman diete oihartzuna; horietariko batzuk elkarlanean sortu dira, gainera. Edizio berri honetan, gai nagusi bi jorratu dituzte: heriotza eta arte soziala. Edukia ez ezik, edizioa ere bereziki zaindu gura izan dute; Ainhoa Olasok egin du azala, eta Martin Loizate arduratu da maketazioaz. Martxoaren 14ra arte aurre salmenta egiten dabiltza, sare sozialen bitartez. Gero, ohiko bideetatik eskuratu ahalko da liburua.

Zein nobedade dakartza ale berri honek?
Leire Vargas: Testu sorta bat barik, koherentzia zuen lan bat egitea lehenetsi dugu oraingoan. Aldizkaria lau ataletan banatu dugu, eta horietariko bitan gai nagusi bi jorratzen dituzte egileek: heriotza eta arte soziala. Ikuspuntu desberdinetatik jorratu ditugu gai hauek, izan ere, parte hartu duten kideen artean ere denerik dago.
Arrate Erdoiza: Gugandik aparte, beste 15 bat kidek parte hartu dute. Batzuek idazteko zaletasun edo ohitura gehiagogaz besteek baino, eta hori ere aberasgarria da.

Gazteek badute idazteko zaletasuna?
L.V.: Hain zuzen ere, honek erakusten du jendeari horrelako aukerak eskainiz gero, interesa pizten duela.
A.E.: Nik prozesua plazeretik bizi izan dut. Aurretik ere idatzi dut Berbazen. Orain, baina, proiektuaz arduratuz, beste modu batera gozatu  dut.

Idaztea ariketa bakartia izan ohi da. Zuek kolektibizatu egin duzue.
L.V.:
Kasuetariko batean, adibidez, Mikel Uribelarrearen ilustrazio batek iradokitakotik idatzi dute. Elkar elikatuz, beste maila batera eraman daiteke lana. Eta bakoitzak bere etxean egin arren, irakurleak sorkuntza kolektibo baten emaitza jasotzen du.

A.E.: Sorkuntza kolektibotzat hartzen denaren adibide argia da hau. Adibidez, lanetariko bat Elena Olabe hasi zen egiten, eta Jone Ercilla batu zitzaion gero. Beharbada, beste modu batera ez zuten elkarregaz lan egingo, baina horrelako proiektu bati eskerrak horrela izan da.

Egingo duzue aurkezpenik?
L.V.: Aurrez aurreko aurkezpena egingo dugu, baina ez dakigu noiz. Koronabirusaren eraginez egitekoak genituen bertso saioa eta poesia irakurtaldia, esaterako, bertan behera utzi behar izan genituen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!