Durangoko Aukera Azokak 18 postu batuko ditu barikutik domekara

Joseba Derteano 2021ko mar. 1a, 14:09
Miren Garrastazu Dendak Bai elkarteko merkataritza teknikaria, Alex Palacios Dendak Bai-ko elkarteburua eta 'Amaia' saltokiko Amaia Munitxa gaurko prentsaurrekoan.

Segurtasunagatik, Landako Guneko edukiera zainduko dute, barruan noranzko batean ibili ahalko da eta sarrera-irteerak toki desberdinetan kokatuko dituzte.

Asteburu honetan Aukera Azokaren 16. aldia antolatuko du Dendak Bai elkarteak Eusko Jaurlaritzaren eta Durangoko Udalaren babesarekin. Aurten Durangoko 18 saltoki batuko dira Landako Gunean. Denboraldi honetan edo beste batzuetan saldu barik geratu diren produktuak prezio merkeagoan salduko dituzte.

Mota guztietako saltokiak egongo dira: ume zein nagusientzako arropak, kirol arlokoak, oinetakoak… Produktu horiek guztiak 15 saltokitan banatuko dira; beste hirurak postu gastronomikoak izango dira.

Sarrera doakoa izango da eta, erosketaren bat egiten duenak, orduta bitan dohainik izango du Landako Gunearen azpiko aparkalekua.

"Ez da urte erraza izaten ari ehungintzaren sektorean", adierazi du Dendak Bai elkarteko Alex Palaciosek. Horregatik, herritarrak azokan "parte hartzera" eta komertzio horiei "laguntzera" animatu ditu.

Segurtasun neurriak

Hainbat neurri hartu dituzte segurtasuna bermatzeko. Esaterako, edukiera mugatuta egongo da, bai azokan bertan eta bai postu bakoitzean. Azokako edukiera Dendak Bai elkartekoek kontrolatuko dute, horretarako jarritako makina baten bidez; postu bakoitzeko edukiera postuetako arduradunek zainduko dute. "Gainera, normalean baino jende gehiago egongo da sarrera-irteeretan, pasilloetan… segurtasun neurriak zaindu daitezen gogoratzeko. Eta bozgorailuetatik ere informazioa emango da", adierazi du Palaciosek.

Horrez gainera, Barruan noranzkoa bakarrean bakarrik ibili ahalko da, eta sarrera-irteerak ate desberdinetan egongo dira.

 

AUKERA AZOKAKO ORDUTEGIA


BARIKUAN ETA ZAPATUAN

10:00-14:00 / 17:00-21:00


DOMEKAN

11:00-14:00 / 17:00-19:00

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!