Galdeketaren inguruko foro irekiak egin dituzue. Zein sentsazio duzue? Galdera berdinak errepikatu izan dira?
Parte hartzearen aldetik, pozik gaude. Gaia oso konplexua da eta erronka tekniko polita da ertz horiek guztiak jendeari azaltzea. Orokorrean, jendeak ezagutzen du ibilbidea eta egoera. Bestalde, konturatu gara badaudela kezka batzuk, batez ere juridiko eta ekonomikoak, erantzun zaila dutenak. Ez dago erantzun zehatzik, beste norbaiten esku dagoelako, judizializatuta dagoelako edo kalkuluak negoziazio baten barruan egin beharko liratekeelako.
Ea elkarrizketa honetan zalantza batzuk argitzen ditugun. Momentu honetara arte onartuta dagoen PERI1 Trenbidea proiektuak zer jasotzen du?
PERIak baimentzen du trenbide zaharreko eremu handi horretan zer egin daitekeen. Geltoki berria hor egotea bermatzen du. Geltokiagaz batera, 8 altuerako eraikin bat ere aurreikusten du, bere sasoian Eusko Trenbide Sareaken bulego zentralak han egotekoak ziren. Era berean, erabilpen komertzial batzuk ere baimentzen ditu. Udal ekipamendu bat ere baimentzen du. Ekipamendu hori erlijiosoa izan behar zen hasieran, baina, gero, soziokulturala izatera pasatu zen, 1.000 metro karratu inguruko partzela batean. Alde erresidentzialean, eraikin erresidentzial bat eta bost etxe dorre aurreikusten ditu. Dorreek 18 altuera izango lituzkete eta 554 etxebizitza aurreikusten ditu, horietatik 111 babes ofizialekoak. PERIak dioena da dorre horiek 18 altuera izan ditzaketela asko jota, eta gutxienez 9 altuera. 9 altuera badituzte okupazioa altuagoa izango da, eta 18koak badira, orain arteko planoetan daudenak izango lirateke.
Epaitegietan ebazpen bat eman barik dago. Zein da egoera judiziala? Epaitegien ebazpenak zein eragin izan dezake gai honetan?
Ezezkoa ateratzen bada, hau da, herritarrek badiote proiektu honegaz aurrera egin behar dela, uste dugu juridikoki irten daitekeen emaitza indargabetzen duela. Baina, baiezkoa ateratzen bada, aukera bi daude. Lehenengoan, herritarrek egiten duten proposamena negoziatuko litzateke udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean. Beste eszenatoki batean, akordiorik ez balego, ebazpen horiek ondorioak izan ditzakete. ETSren interesen kontrako ebazpena balitz, indemnizazio ekonomikoak desagertu daitezke, aurretik hartutako eskubide urbanistikoak bertan behera geratuko lirateke. ETSren aldekoak balira, aukera bat zabaltzen da lurren jabeak, Eusko Jaurlaritzak, indemnizazio bat eskatzeko.
Noiz heldu daiteke ebazpen hori? Aspaldiko kontua da?
PAUa eta PERIa zeharka errekurtso bakarrean errekurrituta daude; lehen instantzian errekurtsoa ETSren, BFAren eta udalaren alde atera zen, baina bigarren instantzian errekurrituta dago. Bestalde, Durangoko Udalak birpartzelazio proiektua kaltegarritzat jo zuen eta berau bertan behera uzteko eskatu zuen eta sententziaren zain dago. Hitzarmena ere errekurrituta dago, eta hau lehen instantzian forma akatsengaitik bertan behera geratu zen. Ondoren, ETSk errekurtsoa sartu zuen eta sententziaren zain dago.
PERIa bertan behera geratu eta proiektu berri bat martxan ipintzen bada, posible da hori etxebizitzak eraiki barik egitea?
Batzarretan entzun dugun beste mito bat da hirigintzako proiektuagaz trenaren lurperatzea ordaindu behar dela. Trena lurperatzeko proiektua Eusko Jaurlaritzak erabaki zuen eta inbertsio hori ez dago proiektu honegaz lotuta legalki. Bestalde, gastuen parte bat estaltzeko, eta lurzoruaren jabea Eusko Jaurlaritza eta Durangoko Udala direnez, hirigintzaren bitartez, parte batean inbertsioa berreskuratu gura zen. Indarrean dagoen PERIak 77.000 metro koadro eraikigarri ditu. Durangoko Planeamendu Orokorra aldatzen bada (HAPO idazten ari da), eremu osoa berdefinitu daiteke: erabilerak eta eraikigarritasuna. Bestalde, indarrean dagoen Planeamenduaren arabera eremurako Plan Berezi berri bat egiten bada, gutxienez 22.000 metro koadro eraiki beharko lirateke, eta gehienez 127.000. Espazioaren hirigintzako definizioa erresidentziala da zati handi batean eta ulertzen da bizigarria izateko, dentsitate ratio batzuk egon behar direla. Baiezkoak irteten badu, Plan Berezi baten bitartez, herritarren esku geratuko lirateke kopuruak, eta ratio horren barruan aukera zabala dago. Era berean, PERIagaz etxe publikoak %10 izango lirateke, 111 etxebizitza. 2006ko lurzoruaren legeagaz, etxebizitzak eraikitzea erabakitzen bada %40 izan beharko lirateke babesekoak. Proposamen berri bat egingo balitz, babesekoen kopurua handitu egin beharko litzateke. Gai honek foroetan irten du. Posible da etxeak eraiki barik eremu berde bat sortzea? Bai, baina Planeamendu Orokorra aldatu beharko zen horretarako.
Durangoko erdigunean 540 etxebizitza eraikitzen badira, autoen joan-etorria asko haziko litzateke. PERIa egin zenean, mugikortasun azterketarik egin zen?
PERIa onartu zen sasoian ez ziren horrelako azterketak egiten. Mugikortasuna, genero azterketak, inpaktu linguistikoa… Gaur egun plan berri bat egingo balitz, arlo horiek guztiak aztertu beharko lirateke. PERIaren momentuan ez zen egin. Ez dakidana da gerora udalak plan berririk egin zuen.
Bizi dugun sasoi honetan, parte hartzea da ardurarik handienetariko bat galdeketaren aurrean.
Azken hauteskunde prozesuak ikusita, egoera honek ez du laguntzen. Guk parte hartze prozesuetan lan egiten dugu eta iraunkorra izan behar dela uste dugu. Galdeketa parte hartzeko modu bat da, baina badaude beste aukera batzuk ere, tailerrekin eta abar. Udal politikan parte hartzea normalizatu egin beharko litzakeela uste dugu. Onartu behar dugu herritar batzuek euren borondatea adierazten dutela, baina badaude beste kanal batzuk horretarako. Normalizatze aldera, etorkizun batean horrelako ariketak erabiltzen badira, erabaki estrategikoak hartzeko emaitza ezezkoa, baiezkoa zein abstentzioa izan, hori normalizatu egin behar da. Abstentzioa altua bada, herritarren egoerarengaitik izango da, pandemiagaitik, interes ezagaitik, desafekzioagaitik... Oso parte hartze handia badago, polarizazio bat dagoelako izan daiteke. Baina emaitza edozein izanda ere, ulertu behar da hori agindu bat dela administrazioek konponbide bat bilatzeko. Horregaitik, gaiari epika apur bat kentzen ahalegintzen gara. Badakigu Durangon mugarri bat izango dela, baina prozesu hauek normalizatu egin behar dira. Galdeketaren ondorengoa izango da garrantzitsua. Jendearen artean zalantza hori sortu da. Administrazioek galdeketaren emaitza errespetatuko duten, hain zuzen ere.
Galdeketaren emaitza legalki ez da loteslea.
Legeak ez du onartzen erantzuna lotestea izatea. Baina udaleko alderdi politiko guztiek aitortu dute errespetatuko dutela herritarren iritzia. Eusko Jaurlaritzak gutun baten bitartez azaldu duenez, galdeketa babesten du, eta, azaldu duenez, prest dago emaitza onartzeko minimoki bere interesak ere errespetatzen badira. Horixe da administrazio biek adierazten duten borondatea. Proposamen berri batek irteten badu, udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren aldetik ere prozesu horretan bakoitzak bere interesak mahai gainean ipini beharko ditu.
Zailtasunak izan daitezke administrazio biak ados ipintzeko.
Galdeketaren emaitzagaz, herritarrek administrazioari ematen diote agindua, bai Durangoko Udalari eta baita Eusko Jaurlaritzari ere. Baiezkoak zein ezezkoak irten, negoziazio bat ipiniko da martxan. Garrantzitsua da galdeketaren ondoren administrazioak erantzutea eta herritarrek gura izan dutena gauzatzea. Beste prozesu batzuk kontsultiboak izan dira eta gero ez dira aurrera eraman.
Galdeketa egunari dagokionez, zelan egongo da antolatuta?
Durangoko Udalak oso zehatz eraman du prozedura juridiko guztia. Adostu dute 18 urtetik gorako herritarrek eman ahal izango dutela botoa. Durangon erroldatuta egon behar dute. Udal hauteskundeetako ohiko errolda erabiliko da, parte hartze aukerarik gehien bermatzen duena. Beste kasu batzuetan ez da horrela egin, eta gero inpugnazioak gertatu dira. Botoa emateko gune bakar bat egongo da, Landako Gunea. Bertan, eskolen arabera egongo dira banatuta mahaiak. Autobus bat egongo da, 09:00etatik 19:30era, jendea Landako Gunera eramateko.
Kanpainan galdeketaren giroa berotuko da? Orain arte, parte hartzea bultzatzeko mezuak entzun ditugu alderdi politikoen aldetik, baina gaur, horrez gainera, baliteke alde batean edo bestean posizionatzea kanpaina martxan ipintzen denean?
Orain arte informazio fasean egon gara eta udalak, horrela erabakita, neutrala izan gura izan du. Orain kanpainaren fasea hasten da. Indar politikoekin egon garenean, edukiaren inguruan berba egin dugu. Denek jarrera neutrala hartu dute, baina ez dakigu kanpainan sartuta iritzi konkreturen bat emango duten. Gainera, egun hauetan espazio bat egongo da kolektibo edo plataformaren batek bere iritzia emateko. Orain arte neutraltasuna eta objektibotasuna izan dira nagusi, baina hemendik aurrera ez dakigu bakoitzak bere argudioak emango dituen.
GAKOAK 1. GALDERA Ados al zaude PERI1 Trenbidea proiektua gelditzearekin eta irtenbide bideragarri baten azterketa abian jartzearekin, betiere, herritarren parte hartzea ainztat hartuta ? 2. MARTXOAK 14 Galdeketak beste hauteskunde batzuetako ordutegia izango du: 09:00-20:00. 3. AUTOBUSA Autobus bat ipiniko dute Landako Gunera joateko (09:00-19:30). Autobus horrek 15 plaza ditu eta horietatik 3 mugikortasun mugatua duten pertsonentzat izango dira. 4. MAHAIAK Landako Gunean hauteskundeetan ezartzen diren eskolen arabera antolatuko dute boto ematea. 5. 51 BOLUNTARIO Hauteskunde-mahaietan 51 boluntariok lan egingo dute. 141 herritarrek eman zuten izena galdeketan laguntzeko, eta udalak 51 aukeratu zituen, zozketa baten bitartez. |