[BIDEOA] Oinezko edo bizikletazko joan-etorriak sustatzeko gero eta baliabide gehiago eskaintzen dituzte Maristak Ikastetxean

Joseba Derteano 2021ko ots. 25a, 17:00

Garapen Jasangarria taldeak urterak daramatza ikastetxeko langilegoaren eta ikasleen artean mugikortausn ohiturak aldatzeko lanean.

Berau errazteko baliabideak eta erremintak eskaintzea dute helburu. Horren adibide da 2018an martxan ipini zuten ekimen hau: oinez edo bizikletan egindako kilometroengaitik dirua ematen dute.

Maristetako langile guztiei bideratutako neurria da eta ikastetxetik bertatik egindako desplazamenduetarako (enpresetara, mantentze-lanei lotutako erosketak egitera…) balio du. Zehazki, egin dutena da, langile hitzarmenean jasota zuten eskubidea, hau da, kotxe edo garraio publiko bidezko kilometrajeen ordainketa, mugikortasun jasangarriagoa sustatzeko erreminta legez baliatzea. Kotxea dagoen tokian utzi eta bizikleta hartzen duenak 0,27 euro jasotzen ditu kilometro bakoitzeko; oinez ibiltzea gura duenak 0,5 euro jasotzen ditu kilometroko.

"Ikastetxeari ez dio aparteko gasturik eragiten, eta mugikortasun jasangarria sustatzeko modu bat da", azaldu du Egoitz Mezok, Garapen Jasangarria taldeko kideak.

Ekimena martxan ipini zutenetik, "geroago eta gehiago" dira bizikletan edo oinez mugitzen diren ikastetxeko langileak, baina Mezok ez du uste kilometroen ordainketa faktore nagusia denik: "Neurriak izango du bere eragina, baina gehiago da kontzientziazioa eta ohitura aldaketetan izaten ari den garapen bat". 

Ikastetxekoak diren bizikleta bi dituzte, eta Mezok uste du inoiz ere ez direla erabili, normalean bakoitzak bere bizikleta eramaten duelako, baina behar duenarentzat erabilgarri daude ikastetxeko patioko aparkalekuan. Baliabide gehiago ere eskaintzen dituzte. Bizikleta konpontzeko gune bat sortu dute, askotariko materialagaz: puzgailuak, partxeak, erreminta kaxa bat, bizikletei eusteko euskarria… 

Mantentze-lanak zelan egin irakasteko, formakuntza saioak antolatzen dituzte: iaz, Bizkaia-Durango taldeko Agurtzane Elorriaga zuzendaria gonbidatu zuten, eta Marino Lejarreta txirrindulari ohiagaz berdina egingo dute aurrerago. 

Ikasleekin lanketa

Garapen Jasangarria taldeko eragin gune bat ikasleak dira. Ez da erraza, urtero ikasleen erdiak aldatu egiten direlako, baina adin tarte horretan eragiten jarraitzeko asmoa dute. Ildo horretatik, egitasmo bat aurreratu dute. "Mekanika arloko hiru zikloetan erronka bat hasiko dugu hemendik pare bat astera eta helburua da bizikleta bi diseinatu eta eraikitzea", azaldu du taldeko Nagore Lozanok. 

Ziurtagiria, urrezko kategorian

Neurri hauek guztiak ez dira oharkabean igaro. Ikasturte hasieran Mankomunitateak egindako gonbidapena onartu eta Cycle Friendly Employer ziurtagiria ateratzera aurkeztu ziren. 2021 hasieran ziurtagiria lortu dute, urrezko kategorian.

Maristak Ikastetxeko Garapen Jasangarria taldeko kideak:

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!