San Faustoko 600 metro karratuko murala bukatu du Durangoko Udalak

Anboto 2021ko ots. 25a, 09:55

Horrez gain, San Fausto auzoko taberna-soziala birmoldatzeko lanak amaitzen dihardute.

WallArt konpainiak egindako lan honek baso bat irudikatu nahi izan du auzoko pareta erraldoian. Lanen berri emateko, Iker Urkiza eta Jorge Varela zinegotziak San Faustora hurbildu dira bertako auzo elkarteko ordezkariekin lanok ikuskatzera.

“Bizilagunek esan digutenez, auzoari freskotasuna emango dio mural erraldoi honek eta ondoan dagoen eta sortu berri den espazio berdearekin bat egingo du. Pozik gaude emaitzarekin”, adierazi dute zinegotziek.

Taberna-soziala eta frontoiko lanak

Horrez gain, Durangoko Udala San Fausto auzoko taberna-soziala birmoldatzeko lanak amaitzen dihardu. "Denbora gutxi barru, lokala, frontoiaren ondoan dagoena, auzoa biziberritzeko bilgune izango da berriz ere", azaldu dute udaleko ohar batean.

Tabernaz gainera, frontoia egokitzeko lanak lizitatzen ari da Udala; besteak beste, teilatuaren iragazgaiztea hobetzeko lanak edo ehun elektrikoa instalatzeko lanak egingo ditu, frontoian kultura-ekitaldiak egin ahal izateko, besteak beste. Frontoiaren fatxada ere konpondu da eta kirol-esparruaren aireztapena hobetuko da.

Gainera, auzoari bere baliabideak emateko, Kapitanea baserria berritzea aurreikusi dute udaleko arduradunek beren Gobernu Planean.

"Gobernu talde honen helburuetako bat Durangoko herritar guztiei baliabideak eskaintzea da, herrigunetik haratago. Gure ustez, ezinbestekoa da auzoek beren baliabideak izatea beren jarduerak garatu ahal izateko, horregatik, oso pozik gaude San Faustoko bizilagunentzat gune hori berreskuratzeaz", azaldu dute gobernu taldeko kideek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!