Euskal antzerkigintza berrasmatzeko asmoagaz, Mikelotek eta Pantxok road movie zoroa eskainiko dute 'Ez dok ero' obran

Aritz Maldonado 2021ko ots. 25a, 08:56
Argazkia: Guillermo Casas.

Tartean antzerki konpainiaren 'Ez dok ero' antzezlana iazko udazkenean estreinatu zuten; Durangoko San Agustinen eskainiko dute, domekan eta astelehenean. ANBOTOk antzezlana ikusteko sarrera bikoitz bi zozkatuko ditu. 

Ibilbide artistikoa eten, eta oholtzari agur esatea erabaki dute Mikelotek eta Pantxok. Pantxok argi eta garbi ikusten du une egokia dela erretiroa hartzeko, baina Mikelot ez dago errealitateari hain itsasia eta ez du iritzi bera. Euskal antzerkigintzaren erreferentzia izaten jarraitzen dutela uste du, eta antzerkigintza berregiteko asmo zoroagaz, bere kidea Ez dok Ero antzezlanean katigatzen du. "Gure ibilbidea aitzakiatzat hartzen dugu, euskal kulturaz eta antzerkiaz barre egiteko, ironia puntu bategaz", azaldu du Patxo Telleria aktoreak. Pantxoren azalean sartuko da bera; Mikel Martinez Mikelote izango da. Telleriak berak idatzi du antzezlana, eta Jokin Oregik zuzendu du road movie formatuko obra. Bidaia horretan, hainbat toki bisitatzen dute, tartean Durangoko Azoka. "Ibilbide fantastiko bat egingo dugu Euskal Herrian zehar, hamaika abentura ero biziz", azaldu du aktoreak. Mikeloteren imajinazioak sorturiko pertsonaia harrigarriekin gurutzatuko dira bidean, eta hamaika egoera korapilatsutan endredatuko da bikote artistikoa.

Udazkenean estreinatu eta gero, Durangora ailegatuko da, asteburu honetan. Emanaldi bi eskainiko dituzte, San Agustin kulturgunean. Lehenengoa domekan, martxoak 28, 19:00etan. Astelehenean ere eskainiko dute; bigarren hori ikasleentzat izango da.

'Sold out' garaia
Telleria pozik dago Ez dok ero antzezlanak orain arte izan duen harreragaz. "Uste genuenaren kontra, nahikoa ibilbide ona izaten ari da. Murrizketak hor daude, baina euskal antzerkiak badauka bere publikoa", azaldu du. "Hasieran, uste nuen publikoa mesfidatiago egongo zela maskaren eta distantzien kontuarekin, baina esango nuke inoiz baino jende gehiago joan dela antzezlana ikustera. Baliteke izatea jendeak ez duelako askoz ere aukera gehiago aisialdirako, baina orain arte obrak oso erantzun ona izan duela ikusi dugu", gaineratu du.

Erretiroa baino, hurrengo obra dute buruan Tartean konpainiako kideek. "Zorionez, izurriteak ez du eragin Ez dok Erorako aurreikusitako planetan. Gehiago eragin du hurrengo lana izango den horretan, gure hasierako asmoa egokitu beharko dugu eta", esan du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!