Etxea alokatzeagatiko laguntzak prest Durangoko gazteentzat

Anboto 2021ko ots. 22a, 12:31

Durangoko Udalak diruz lagunduko ditu 2020an alokairuan bizi izan ziren 35 urtetik beherako gazteak. Laguntzen ezaugarrietako batzuk Zabalduko Ditugu taldeko kideekin batu ostean txertatu dituzte. Bihar zabalduko da eskariak egiteko epea.  

Gazteen emantzipazioa bultzatzeko helburuz, Durangoko Udalak diru laguntzak prestatu ditu 2020an alokairuan bizi izandako 35 urte bitartera arteko gazteentzat. Gutxi gorabehera honako baldintza hauek bete beharko dituzte gazteek: Durangon erroldatuta egon beharko dute duela urtebetetik hona, eta etxebizitzaren alokairuak ezingo du 700 euro baino gehiagokoa izan.

Udal iturriek jakinarazi dutenez, diru laguntzen ezaugarrietako batzuk Zabalduko Ditugu dinamikako kideekin batu ostean diseinatu dituzte. "Laguntza progresiboak" izango direla gaineratu du udalak, eta adierazi du hiru tarte bereiziko direla laguntzen artean. Eskariak egiteko Herritarren Arreta Zerbitzura edo Udalaren egoitza elektronikora jo beharko da. Eskaera presentzialetarako gazteria@durango.eus helbidera idatzi beharko da norbere datuak eta telefono zenbaki bat adierazita. Bihar zabalduko dute eskariak egiteko epea eta martxoaren 23ra arte egongo da zabalik.

“Badakigu laguntza honek ez dituela gazteen beharrizan guztiak asetzen, baina gazte askorentzako urrats bat izan daiteke gurasoen etxetik irtetzeko”, adierazi dute Julian Rios eta Garazi Errasti zinegotziek. "Zentzu horretan, gainontzeko erakundeen babesa ere eskatzen dugu gazteentzako benetako arazo bihurtu den gai honetan babesa eskaintzeko”, gehitu dute. 

Eskariak egiteko baldintzak

  • 18-35 urte bitarteko durangarrak izatea
  • Eskatzaileak ez du bere jabetzako etxebizitzarik izango
  • Onuradunek diruz lagunduko den etxebizitzan erroldatuta egon behar dute
  • Diru-laguntzen onuradunen diru-sarrerak ezin izango dira 25.000,00 euro gordin baino gehiago izan urtean.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!