Durangoko Ernaik "adierazpen askatasuna" aldarrikatzeko horma irudia egin du

Anboto 2021ko ots. 16a, 12:28

Durangoko Alde Zaharrean egin du margoketa, Bartolome Ertzilla kalean.

Durangoko Ernai gazte antolakundeak "adierazpen askatasuna" aldarrikatzeko horma irudia egin du Bartolome Ertzilla kalean. Irudiak Nafarroako dozena bat gaztek Espainiako monarkiaren aurka egindako ekintza sinboliko bat islatzen du. Ekintza joan den urriaren 12an egin zuten Iruñean. Nafarroako hainbat gaztek monarkiaren eraistea irudikatu zuten Espainiako errege Felipe VI.aren figura bat eta Cristobal Colonen beste bat lurrera botata. Han gertatutakoaren ondotik, Nafarroako 12 gaztek Audientzia Nazionalean deklaratu dute asteon.

Ernaik, hain zuzen, hori salatu gura izan du horma irudiarekin. "Aste honetan Nafarroako 12 gaztek Audientzia Nazionalean deklaratu behar izan dute, urriaren 12ko Felipe VI eta Colonen irudiaren kontrako ekimen batengatik. Era berean, Pablo Hasél abeslaria atxilotu dute gaur, erregearen kontrako mezuak kantatzeagatik, besteak beste. Espainiar Erreinuaren zein Monarkiaren izaera faxista salatzen jarraituko dugu, Euskal Errepublika lortu arte", azaldu du Ernaik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!