Ordubete inguruko emanaldia prestatu dute Bart Sax taldeko kideek otsailaren 26rako. Bartolome Ertzillako musika taldea Itziar Castrillo irakasleak zuzentzen du, eta orain artean, estilo desberdinak jorratu dituzte, orokorrean, "sustrai afroamerikarreko musika tradizionalaren" inguruan.
Keinua herri sahararrari
Kontzertuan batutako dirua Rio de Oro elkartearen proiektuak finantzatzera bideratuko da; helburua, hezkuntza bereziko eskolen zerbitzuak eta azpiegiturak hobetzea izango da. Emanaldirako sarrerak 5 eurotan erosi ahalko dira otsailaren 17tik aurrera, Arte eta Historia museoan, San Agustin kulturgunean (emanaldia baino ordubete lehenago, sarrerarik geratuko balitz), eta Kutxabank bidez.