Salda egon, egon zen. Eta oraindik ere geratzen da zer edo zer lapikoan. Euskal Herriko mugimendu feministaren kide diren hainbat lagunek 'Salda Badago' liburua aurkeztu dute gaur arratsaldean, Durangoko San Agustin kulturgunean. Liburuak Durangon egindako Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministetan bizitakoak jasotzen ditu. Emagin ikerketa eta hezkuntza feministarako elkartea arduratu da edukiak garatzeko prozesuaz, eta liburuaren nondik norako batzuk azaldu ditu bertako kide Monica Mendiberrik. "Liburuaren funtsa bada memoria ariketa bat egitea, baina interpretazio kritiko bat egitea ere bada asmoa", adierazi du.
Besteak beste, jardunaldietan landutako "materialaren analisia, proposamenak, mahainguruen aktak edo herrikako diagnosiak" jaso dituzte liburuan. "Kuantitatiboki 2.631 feministen datuak daude. Talde-elkarrizketak egin ditugu antolaketa prozesua bizi izan zutenekin, azpiegitura taldekoekin, herri bakoitzeko kide feministekin", adierazi du Mendiberrik. Liburuaren atal batzuk subjektiboak direla ere gaineratu du: "Jardunaldietan parte hartu duten protagonista ororen bizipenak, emozioak eta tentsioak jasotzen ditu. Badaude elementu ez hain erosoak. Soluzionatu bako eztabaidak, izendatzeak eta kontzeptuak ere badaude".
Azken puntu hori dela eta, aurrera begirako lanketen inguruan berba egin du Cony Carranzak. Jardunaldietako publikazio lan-taldeko eta Garapen eta Munduko Emakumeak kolektibo feministako kidea da bera. "Prozesuen maitaleak gara. Zer gertatu zen Durangon hiru egun haietan? Bada, han jasotakoak batu dira liburuan. Eta salda egiten jarraitu gura dugu. Salda berotzen, salda elikatzen eta saldaren zaporea aldatzen. Horixe dugu-eta erronka: dekolonitatearen eztabaida desblokeatzea. Eta ez erruduntasunetik; arduratik baino".
Mugarri bat Durangon
2019ko azaroaren lehenengo hiru egunetan Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministak egin ziren Durangon. Landako Gunea Euskal Herri osotik ailegatutako 3.000 bat emakumez bete zen. Askotariko lan-saioak eta mahainguruak egin zituzten bertan. Euskal Herriko 350 kolektibok hitzaldiak eta hausnarketak partekatu zituzten bertara hurbildutakoen artean. Eztabaida haietatik mugimendu feministak aurrerantzean hartu beharreko posizioak eta aurretik dituen erronkak marraztu dituzte. Gaur aurkeztutako liburuak ordukoaren sintesi bat egiten du, baina mugimendu feministako kideek adierazi dutenez, "itxi bako" liburua da, feminismoa mugimenduan dagoenez gero, "atal berriak idatzi beharko direlako etorkizunean".