Durangoko Udalak 51 boluntario behar zituen martxoaren 14an egitekoa den herri galdeketa antolatu ahal izateko, eta duela aste gutxi kaleratutako deialdiari eskerrak helburua bete du. Guztira 144 durangarrek egin dute herri galdeketa borondatez antolatzeko eskaria. Beharrezkoak baino eskari gehiago dira, eta, horren ondorioz, udalak, zotz egin behar izan du. Joan zen barikuan egin zuen 51 boluntarioak zeintzuk izango ziren erabakitzeko zozketa. Osoko bilkuren aretoan egin zuen, udal idazkariaren, informatika arduradunaren eta alderdi politiko ezberdinetako ordezkarien presentzian.
“Martxoaren 14a egun historikoa izango da durangarrontzat, historiako lehen galdeketa herrikoia ospatuko baitugu, eta poztekoa da durangarrek galdeketa honetan laguntzeko erakutsi duten prestutasuna. Udalak bere esku dagoen guztia egingo du galdeketak ahalik eta partehartze altuena eduki dezan. Zentzu horretan, garrantzitsua deritzogu ahalik eta antolaketa zuzenena edukitzea, eta zozketan aukeratutako boluntarioek laguntza hori eskainiko digute”, adierazi dute udal ordezkariek.
Galdeketaren web orria
Durangoko Udalak web orri berezi bat prestatu du herri galdeketari begira. www.galdeketa.durango.eus atarian PERI 1 Ferrocarril proiektuaren aurrekariak, gaur egungo egoera, eta, galdeketaren emaitza edozein dela ere, aurrera begira eman daitezkeen urratsak ageri dira bertan.