"Dantzatzeko gune bat sortu gura dugu, ez dantza egiteko soilik, baita sorkuntza sustatzeko ere", azaldu du Carretok. Ekimenean hamasei urtetik gorako herritarrek parte hartu dezakete, horretarako, izena eman beharko dute dagaz@dantzaz.eus helbide elektronikoan. "Interesgarria izango da maila desberdinetako jendeak parte hartzea, elkarrekin ikasteko". Dantzari durangarrak Hernaniko (Gipuzkoa) taldea ere dinamizatuko du. "Egongo diren talde bakoitzak bere bidea egingo du, eta hori ere oso polita izango da. Osasun egoerak ahalbidetzen duen heinean, talde horiek elkartu litezke, adibidez".
Dagaz proiektua Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan saretzea da helburua. Bizkaiko hiru udalerritan jarriko dute ekimena martxan, horietako bi, Durangaldean: Durangon eta Berrizen. "Osasun egoerak baldintzatuko du, baina gure asmoa herrietako talde horiek beste leku batzuetan erakustea litzateke. Durangon egiten dena Amurriora eraman daiteke, adibidez", azaldu du Fernando Saenz de Ugarte Dantzaz konpainiako zuzendariak. Dantza saioak ez ezik, topaketak eta tailerrak ere antolatuko dituzte, baita emanaldiak ere.
Mikel Urionaguena eta Ane Abanzabalegi zinegotziek horrelako ekimen batek Durangori egingo dion ekarpena nabarmendu dute. "Ilusio bereziagaz aurkezten dugu ekimen hau, kultura eta arte eszenikoak herritar guztientzat zabalduko duelako; dantza garaikidea herritarrei hurbiltzeko baliagarria izango da", azaldu dute udal ordezkariek.