“Erasoan dugu arazoa; ez gabiltza puntu nahikoa sartzen eta portzentaje eskasekin gabiltza”

Joseba Derteano 2021ko ots. 13a, 10:30

Tabirako-Baqué saskibaloi taldea EBA mailan jokatzen dabil, bigarren urtez jarraian. Iaz eutsi egin zion mailari eta aurten sufritzen dabil: azken-aurreko dago, hiru garaipenegaz eta zortzi porrotegaz. Maila horretan egote hutsak meritu handia du, etxeko jokalariekin baino ez dutelako jokatzen. Filosofia horren iturritik irten dute Aitor Calle taldeko kapitainak eta Xabier Calle bere anaia gazteak.

Liga erdia joan da. Orain arte egin eta ikusitakotik zer ondorio atera duzue?
Xabier Calle:
Orain arte eduki dugun akatsetariko bat izan da ez garela hainbeste zentratu gure lanean, eta epaileekiko kexa larregi izan ditugula. Horregaz batera, ez dugu zorte handirik eduki. Galdutako zortzi partiduetatik seitan irabazteko aukera izan dugu, baina batekoagaitik edo bestekoagaitik ez dugu lortu.
Aitor Calle: Joan zen astean bilera bat egin genuen taldean, orain artekoa aztertzeko eta estatistikei errepaso bat emateko. Ikusten da sartutako eta jasotako puntuen artean dagoen aldea txikia dela. Horrek esan gura du partidu asko detaileengaitik galdu ditugula.

Partiduetako azken txanpan hobeto jokatzea falta izan da?
X.C.:
Hori da. Partidurik gehienetan aurretik heldu gara atsedenaldira. Bat kenduta, beste denetan esango nuke. Estatistikei begira, partiduko, batez beste, 60 puntu sartu eta 62 jasotzen ditugula ikusi dugu. Puntu biko aldea baino ez dago. Baina zortzi porrot eta hiru garaipen daramatzagu.

Estatistikak errepasatuta, zuek baino puntu gehiago jaso dituzten sei talde daudela ere ikusi daiteke. Datu horretan, sailkapenaren erdian zaudete.
X.C.: Arazoa, batez ere, erasoan dugu. Ez gabiltza puntu nahikoa sartzen eta portzentaje eskasekin gabiltza, batez ere hiruko marratik.
A.C.: Lautik bat sartzen dugu hirukoetan. %25eko portzentajea ez da oso ona. %35 inguruan egon beharko genuke. Beste faktore bat ere gehitu gura nuke. Urtarrilean bost partidu jokatu ditugu eta euretariko lau etxetik kanpora izan dira: Iruñean birritan, Logroñon… Denbora gutxian partidu asko, hara eta hona bidaiatu behar… Horrek ere badu bere eragina.

Zuen aita, Gorka Calle, Tabirako klubeko zuzendaritzan egon da, Zaldua saskibaloi taldeko presidente izan da eta Euskadiko federazion ere egon da. Zuen saskibaloirako zaletasuna zenbateraino zor diozue aitari?
A.C.:
Oso-osorik zor diogu. Txikitan astebururo eramaten gintuen saskibaloian jokatzera. Baskonia ikustera ere joaten ginen beragaz.
X.C.: Nire kasuan, figura bat barik bi nituen txikitan. Aita eta anaia. Beraz, ez da arraroa ni saskibaloi jokalari irten izana.

Aitor, iaz taldeko kapitain izateko ardura hartu zenuen. Zertan aldatu da zure lana jokalari bakarrik izatetik kapitain ere izatera?
A.C.: Aurtengo denboraldian dezente aldatu da, iaz baino gehiago. Liga hasi baino astebete lehenago, entrenatzaileak taldea uztea erabaki zuen. Tomas de Castro etorri zen bere ordez, baina, jakina, liga hastear zegoen eta denbora gutxi zuen taldearen dinamika ezagutzeko. Anaia eta biok beragaz batu ginen eta azalpen guztiak eman genizkion. Izapideen kudeaketa egitea ere egokitzen zait: kanpoan jokatu ahal izateko paperak eramatea eta antzerakoak.

Hau da, COVIDaren eta osasun krisiaren ondorioak. Zer puntutaraino baldintzatu du taldearen jarduna?
A.C.: Inpakturik handiena hasieran igarri genuen, talde guztiak entrenatzen zirelako. Tenperatura hartu, kantxa eta baloiak desinfektatu, ezin dutxarik erabili… Orain, eremu gorrian gaudenez, nagusiok baino ez gara entrenatzen eta ez dugu dena beti desinfektatu behar.

Egiten duzue COVIDaren testik?
A.C.: Bai, partiduak jokatu baino lehen, barikuetan normalean; antigeno probak egiten dizkigute. Derrigorra da. Emaitzak federaziora bidaltzen ditugu eta denak negatiboak badira jokatzeko baimena ematen digute.

Beraz, astero egiten dituzue probak.
X.C.: Bai, baina uste dut klubean gure taldea dela egiten duen bakarra. EBA maila Espainiako federazioari dagokio eta eskakizunetariko bat da. Klubeko gainerako taldeak Euskadiko eta Bizkaiko federazioek kudeatutako mailetan dabiltza eta ez da horrelakorik egiten. Nik, esaterako, junior mailako neskak entrenatzen ditut eta ez da testik egiten.

Neurriak hartu beharko liratekeela uste duzu?
X.C.:
Ez dut ulertzen federazio batzuek lehiatzeko duten nahia. Adin batzuetan lehiatzeak ez du zentzurik. Entrenatzeak bai, baina lehiatzeak ez, gaur egungo egoeran.

Xabier, zu bost urte gazteagoa zara. Zelan ikusten duzu zeure buruan taldean?
X.C.: Hiru-lau urte daramatzat lehenengo taldean. Jokalaririk beteranoenek iaz utzi zuten taldea: Arkaitz Gurrutxagak eta Roberto Onaindiak. Taldeko kapitainak izan dira. Beraz, orain gaudenok urte kopuru antzerakoa daramagu, pare bat urte gorabehera. Beraz, taldean nahikoa pisu daukadala uste dut, gainerako guztien moduan.

Xabier, lehenengo taldera heltzeko bidea ez da erraza izan zuretzat. Lesio gaizto bat baino gehiago izan duzu.
A.C.:
Kadete mailan nenbilenean, belauneko lesioa izan nuen denboraldi hasieran. Ebakuntza egiteko gazteegia nintzenez, urtebete itxaron nuen. Ebakuntza egin zidaten. Kantxetara bueltatu eta denboraldi hartako azken hiru-lau partiduak jokatu nituen. Hurrengo denboraldi hasierako entrenamendu batean berriro lesionatu nintzen. Urtebeterako saskibaloia uztea erabaki nuen. Orduan, aita Zaldua klubeko entrenatzailea zen eta hara batzea proposatu zidan: gutxienez entrenatzera, edo gura banuen jokatzera. Urte hasiera hartan, Tabirakoko entrenatzaileak deitu eta klubera berriro batzea proposatu zidan.

Aitor, Xabierren etapa zail horretan zein izan zen anaia nagusiaren papera?
A.C.: Mutil gogorra da. Gogoan dut ebakuntza egin aurreko urtea. Ariketa asko egin behar izan zuen belauna indartzeko, eta oso diziplinatua izan zen: igerilekuan, bizikleta gainean… Berriro jokatu gura bazuen, eskatutako dena bete behar zuela buruan sartuta zeukan eta dena egiten zuen.
X.C.: Etapa konplikatu hartan, anaia erregional mailako taldean zebilen, astelehenetan lagunarteko partiduak jokatzen zituzten eta beti animatzen ninduen partidu horietan parte hartzera. Bere aldetik, sekula ere ez zait animorik falta izan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!