“Ilusiorik gehien egiten didaten gauza biak lortu ditut: 'Go!azen'-en agertzea eta Athleticen jokatzea”

Aritz Maldonado 2021ko ots. 12a, 17:00

Gaur, barikua, ETB1eko Go!azen gazte fenomenoaren zazpigarren denboraldia amaituko da. Telesail honetako protagonistetariko baten azalean sartu da Endika Zamalloa durangarra. Gazte-gaztetan antzerkigintzan hasi zen, Durangoko Kurutziaga Ikastolan, Jose Martin Urrutia 'Txotxe' antzerkigilearen eskutik. Karrikako kidea 'Goenkale' telesailean ere parte harturikoa da aurretik. Gazte durangarra pozarren dago, telebista saio arrakastatsuan parte hartzeaz gainera Athleticen Genuine taldeko kidea ere badelako. Sasoi hobeak ailegatzen diren bitartean, ametsak betez gozatzen jarraitu gura du.

Nondik irten zuen Go!azenen parte hartzeko aukerak?
Lagun baten bitartez heldu zitzaigun aukera, Go!azen telesailerako jende bila zebiltzala eta. Kirol denba batean lan egiten dut. ERTEan geunden eta aukera ona zela pentsatu genuen. Castinga prestatu nuen lehenengo. Gidoi batzuk ikasi eta prestatu behar izan nituen, eta etxean mugikorragaz grabatu ostean bidali nituen.

Udan egin zenituzten grabazio lanak.
Bai, uztailean eta abuztuan, batez ere. Grabazio lanak ekain amaieran hasi genituen, eta uztail osoan zehar aritu ginen. Baita abuztuan ere. Egia esateko, enpresak erraztasunak eman dizkit.

Zelan gogoratzen dituzu grabazio egunak?
Oso giro ona eduki genuen eta oso pozik egon nintzela gogoratzen dut. Lanaldi luzeak ziren batzuetan, baina pozarren geratu gara emaitzagaz. Egon dira egunak 08:00etarako Donostian egon garenak, eta arratsaldera arte lanean egon garenak. Donostiako El Pinar etxean eta Azpeitian (Gipuzkoa) egin ditugu grabaziorik gehienak, eta, esandako moduan, oso lan giro onean.

Zelan konpondu zara Aitorren azalean?
Erronka bat izan da, baina asko gustatu zait bere azalean ipintzea.

Aspalditik datorkizu antzezteko grina.
Durangoko Kurutziaga ikastolako sasoietatik datorkit. Jose Martin Urrutia 'Txotxe' antzerkigileak sartu zidan harra.

Telebista ala antzerkia, zein gurago duzu?
Biak. Antzerkirako gehiago ikasi behar da. Kontzentratu, memorizatu, eta gero dena bota. Telebistan beste modu batera lan egiten da, beste metodologia bat eskatzen du horrek, baina biak gustatzen zaizkit.

Futbolean ere bazabiltza, Athletic Genuine taldean.
Astero egiten ditugu entrenamenduak, Interneten bitartez. Hainbat ariketa fisiko egiten dugu ordubetean.

Bizitzan ilusiorik gehien egiten didaten helburuetariko bi lortu ditut: Go!azenen agertzea eta Athleticen jokatzea. Urte eskasa tokatu zait taldean egoteko, baina heldu naiz.

Baduzu beste proiekturik esku artean orain edo aurrera begira?
Oraingoz ez. Lanera etortzen naiz, eta futbol entrenamenduekin jarraitzen dut. Honen guzti honen aurretik, hainbat saltsatan ibili izan naiz beti, baina bizi dugun egoera dela-eta orain baserrian nago, lasaiago.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!