San Faustoko frontoia erabiltzaileentzat zabaltzea aztertzen dabil Durangoko Udala

Anboto 2021ko ots. 8a, 10:25

Hainbat eskaera jaso dute herriko frontoiak zabaltzeko.

Durangoko hainbat herritarrek idatziak aurkeztu dituzte Durangoko udaletxean, Ezkurdiko eta San Faustoko frontoiak zabaldu ditzaten eskatzeko. Frontenisean, palan zein esku pilotan jokatu gura duten herritarrak dira, eta, oraingoz, euren herrian ez dute lekurik horretarako. "Orain arte, inguruko herrietara joan behar izan dugu frontoiko kiroletan aritzeko", azaldu du Txaber Odiagak, eskaera egin duen herritarretariko batek.

Durangon azpiegiturak egon badaudela argudiatuta, aurretiazko hitzordua hartuta frontoiak erabili ahal izatea da herritar hauek udalari egiten dioten proposamenetariko bat.

Ane Abanzabalegi Durango Kirolak erakundeko arduradunak dioenez, San Faustoko frontoia zelan zabaldu aztertzen dabil udala. "San Faustoko frontoiko tabernan obrak egin ditugu eta laster izango da prest. Herritarrek frontoia erabili ahal izateko, sarrera zelan kudeatu aztertzen gabiltza orain", azaldu du Abanzabalegik. Zinegotziak gogoratu duenez, orain urte batzuk frontoia zabalik zegoenean azpiegituran kalteak izan ziren. "Durango Kirolaken bitartez, San Faustoko frontoia alokatzeko aukera ematea da asmoa", dio zinegotziak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!