“Ogia egitea erraza da, ogi ona egitea da gatxa; denbora eskatzen du”

Aitziber Basauri 2021ko urt. 31a, 10:30

Ama-oreagaz egindako ogia eta opilak ditu Rosik Durangoko Lehendakari Agirre kalean duen Berria okindegian. Zaragozarra da jaiotzez, eta maitasunak ekarri zuen Euskal Herrira, orain 14 urte. Ogiagaz moda kontuak badirela azaldu du, eta ezjakintasun handia dagoela. "Egosketa-erdiko ogiagaz min handia egiten dugu. Umeek masailezurra landu behar dute", dio.

Zenbat urte daramatzazu ogi artean murgilduta?
Jaio nintzenetik. Aita okina zen, eta aitita ere bai. Hirugarren belaunaldia naiz. Zaragozatik Ermura etorri nintzenean, okindegi batean lan egin nuen. Orain urte bi Durangon okindegia hartzeko aukera sortu eta aurrera egitera ausartu nintzen.

Familiatik datorkizu ogibidea.
Bai. Irin garbiekin lan egin gura izan dut beti, ama-oreagaz egindako ogia egin gura nuen, ongailurik barik, ogi-artisaua. Apurka lortu dugu bide horretan sartzea, okindegia eraldatzea. Pozarren nago.

Erronka horretan, gogor eragingo zuen pandemiak.
Gogor-gogorra izan da. Taberna eta jatetxe asko bidean geratu dira eta horrek gugan eragiten du. Bestalde, auzokoek gu ezagutzea ere ekarri du pandemiak. Bizimoduan etenaldi txiki bat eragin du eta etxe alboan ogia hartzeko aukera dagoela ohartu gara. Askok orain ezagutu gaituzte.

Aitaren eta aititaren eskutik ikasi zenuen ogibidea?
Era inkontzientean ikasi dut ofizioa, txikitatik. Okindegi batean hazitakoa naiz, eta asko ikusitakoa naiz. Jakin barik barneratu nuen ofizoa, eta orain neuri jardutea tokatu zaidanean konturatu naiz horretaz. Nekienaz ez naiz jabetu orain arte.

Geroago eta ogi mota gehiago daude. Zenbat buru hainbat ogi?
Ez horrenbeste, baina ia (barrez). Ogi mota asko daude, irin portzentaiaren arabera bat edo beste irtengo da.

Badago tokia denentzat?
Bai, ogia gustuko duenari asko gustatzen zaio ogi motaz aldatzea. Ez ditut ogi mota guztiak egunero egiten: astelehenetan, arto-ogia eta zekale-ogia egiten ditut; martitzenetan, intxaur eta mahaspasaduna; eguaztenetan zerealduna... Badago jendea aldatzea, probatzea, gustatzen zaiona eta gaur zer ogi dagoen galdetzen duena. Gainera, ogi kontuetan apur bat berezia dena desberdina den horren bila doa. 

Mokofinak gara ogiagaz?
Pertsona nagusiak dira mokofinenak eta zorrotzenak. Eurentzat ez da moda kontu bat, badakite zer gura duten, betiko ogia gogoratzen dien hori eskatzen dute. Eurek igartzen dute gehien zelakoa den ogia.

Ogiak loditu egiten du? Mito asko daude ogiaren inguruan?
Ogiak ez du loditzen, ogi artean sartzen dugunak loditzen du. Elikadura orekatua eraman behar da. Hori bai, ez dugu ogi barra osoa jango.

Geroago eta jende gehiagok egiten du ogia etxean. Badago sekreturik ogi ona egiteko?
Ogia egitea erraza da, ogi ona egitea da gatxa; denbora eskatzen du. Kalitatezko irina erabiliz gero eta ogiaren prozesu eta denborak errespetatuz gero, ogi ona lortuko dugu. Prozesua ezagutu behar da. Jende askok ogi ona egiten du etxean.

Edozein tokitan erosi dezakegu ogia gaur egun. Ogiaren esentzia galdu dela uste duzu?
Ogi ona gura dugu, baina ez dakigu non erosi; edozein saltoki handitara goaz erostera. Ogi horrek gehigarri batzuk ditu, beste prozesu batzuei jarraitzen die... inoiz ez da artisau -lantegi batean egindako ogia izango. Ogiaren esentzia galdu da. Hauts magiko asko daude ogiari itxura  konkretu bat emateko, izozkailuan denbora gehiago mantentzea lortzeko... Hori guzti hori kentzea izan da nire erronka. Gasolindegian, frutategian... ogia dago eta horrek kalte handia egiten digu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!